Udaltzainen eta Ertzaintzaren elkarlanerako protokoloa eratzen dabiltza

Anboto 2011ko ots. 25a, 11:27

PSE-EEk udaltzaingoaren barne-araudi bat egiteko eskatu du mozio bategaz. EAJk alde bozkatu du, eta gobernu taldeak kontra, protokoloa eratzen dabiltzalako eta \"ez delako momentua\".

PSE-EEk udaltzaingoaren barne-araudi bat egiteko eskatu du mozio bategaz. EAJk alde bozkatu du, eta gobernu taldeak kontra, protokoloa eratzen dabiltzalako eta \"ez delako momentua\". \"Zerbitzua eraginkorragoa izateko eta kaleko presentzia handitzeko\" udaltzaingoak barne-araudi bat egitea eskatu du osteguneko udalbatzarrean PSE-EEk. Elorrion azkenaldian izan diren lapurretak direla eta, Mari Carmen Muñoz txanda bat gehiago jartzearen alde dago: \"gaueko lana egiteko lanpostu berriak sortzeari ez nioke kontrako botoa emango\". EAJk mozioaren alde bozkatu du. Ana Otadui bozeramaileak \"udaltzaingoari bere beharrean laguntzeko araudia\" izango litzatekeela esan du. Araudia egin aurretik, azterketa bat egitea proposatu du Otaduik: \"azter daitezela beharrizanak, ardura banaketak, patrullen antolaketa... horrela egoerari hobeto erantzuteko\". Niko Moreno alkateak, bere aldetik, udala Barne sailagaz protokolo bat eratzen dabilela azaldu du, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren \"lan esparruak ondo definitzeko\". \"Bakoitzaren konpetentziak eta elkarren arteko komunikazio sistema hobetzea da asmoa\", alkateak azaldu duenez. Barne-araudi bat egiteko \"ez da momentua\" gobernu taldearen esanetan. Datorren hilean protokoloaren nondik norakoak emateko moduan izango direla argitu du Morenok. Horrez gain, alkateak azaldu du Barne saila aurreproiektu bat garatzen dabilela uneotan, \"udal polizien araudietarako marko\" izango litzatekeena. Hiru hileren buruan amaituta egotea aurreikusten dute.

Gaueko txandari buruz

Momentu honetan Elorrioko udaltzaingoan sei agente dabiltza beharrean, hiru txandatan eta asteko zazpi egunetan. Gaueko txanda ipintzea lanpostu bi baino gehiago sortzea dela azaldu du Morenok: \"bost pertsona gehiago beharko ziren, eta hori plantila ia bikoiztea da\", eta egoera ekonomikoa dela-eta udalak horrelakorik ezin duela egin nabarmendu du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!