Orain urte bi plazaratu zuen \'La Diferencia\' diskoko kantak eskainiko ditu gaur Albert Plak Elorrioko Arriolan. Duela bi hilabetetik egiten diharduen moduan, Diego Cortés gitarristagaz eskainiko du emanaldia; sortzaile bien elkarlanaren emaitza bertatik bertara bizi beharrekoa da. Plak azaldu digunez asko dauka inprobisaziotik.
Orain urte bi plazaratu zuen \'La Diferencia\' diskoko kantak eskainiko ditu gaur Albert Plak Elorrioko Arriolan. Duela bi hilabetetik egiten diharduen moduan, Diego Cortés gitarristagaz eskainiko du emanaldia; sortzaile bien elkarlanaren emaitza bertatik bertara bizi beharrekoa da. Plak azaldu digunez asko dauka inprobisaziotik.\'La Diferencia\' ikuskizuna aurkeztera zatoz Elorriora, berezitasun handi bategaz, gainera.
Elorriora daramadana ez da zehatz La Diferencia diskoa aurkezteko azken urte bietan egiten nabilena. Hona Diego Cortésegaz etorriko naiz, eta hemengo eta hango kantak eskainiko ditugu. Ia zer ateratzen den...
Orain arte zuk bakarrik jardun izan duzu \'La Diferencia\' aurkezten eszenatokian. Zelan sortu da Cortésegaz kolaboratzea?
Apur bat faltan botatzen nuen-eta... Eszenara gidoirik barik ateratzeko gogoa neukan berriro, eta Diegogaz hori egin liteke: bururatzen zaizkizun kantak joan zaiztezke kantatzen, eta zu jarraitzeko gai da bera. Orain hile bi inguru hasi ginen elkarregaz.
Zelan joan dira orain artekoak?
Diego Cortésegaz beti ateratzen da dena ondo, ezinezkoa da beragaz ezer txarto irtetzea.
Sabadellekoak zarete biak. Beragaz lehenago ere jo duzu?
Txikitatik ezagutzen dut, eta asko gustatu izan zait beti gitarra zelan jotzen duen. Orain 10-15 urte bere taldeagaz, Jaleo taldeagaz, ikuskizun bat prestatu genuen. Ondoren ere erdi inprobisatutako, erdi zelan jakin bako kontzertuak egin izan ditugu elkarregaz. Badaramagu denboratxo bat elkarlanean.
Zer eskaintzen dio Cortések espektakuluari?
Diegoren gitarra oso boteretsua da: hori da ikuskizunaren ardatza. Horren inguruan istorioak kontatzen joaten naiz ni. Egia esan, oraindik ez dakit zelan egiten dugun; publikoaren eta lekuaren araberakoa ere izaten da emaitza...
Zenbat dauka inprobizaziotik egiten duzuenak?
Batzuetan ehuneko ehuna, beste batzuetan 90, inoiz 80... Diego Cortés apur bat ernegatzen duen arren, asko dauka inprobisaziotik.
Bera beste era batera lan egitera dago ohituta?
Bai eta ez... Guk egiten duguna, baina, ez da lana. Elkartu egiten gara gu, eta jo egiten dugu: kitto. Ez dugu hori baino gehiago egiten.
Emanaldiak prestatzeko entsegurik egiten duzue?
Ez, ez... Behar genukeen arren ez dugu entsegurik egiten.
Zuzenekoan gitarra elektrikoa jotzen duzu orain ere?
Bai. Batzuetan plazera izaten baita Diego jotzen ari dena apur bat zapuztea (barreka).
Lehen ere zu arduratzen zinen ikuskizuneko argiez etab. Gehiago jarduten duzu horretan orain?
Bai, gehiago aritzen naiz azalpenak-eta ematen, edo Diegok zer ondo jotzen duen entzuten...
Zelan egiten duzu lan? Zelan sortzen dira letra eta istorioak?
Lanik ez dut egiten: aspertzen naizenean-eta bururatzen zaizkit gauzak. Musikak, ideiak, letrak... horrela etortzen zaizkit. Batzuk ahaztu egiten dituzu gero...
Beste proiekturik badaukazu?
Orain hilabete estreinatu genuen Pascal Comelade musikariagaz egin dudan Somiatruites ikuskizuna. Nik testuak eta berak musikak ipini ditugu. Orain, udaberrira arte Katalunian jardungo dugu jotzen, eta gero Espainian zehar erakutsiko dugu.
Azken egunetan sorkuntzarako astirik atera duzu?
Joan zen barikuan Sorian eta zapatuan Burgosen egon nintzen jotzen, eta bueltako bidaia egin genuen atzo. Gaur heldu naiz etxera, eta deskantsatzen egon naiz. Asteburu honetan Madrilen eta Iruñean ere joko dugu.