Euskal Kirol Federazioen Batasunak duela gutxi banatu zituen III. Euskal Kirola Sariak. Euskadiko Errugbi Federazioak horrela proposatuta, Oskar Astarloak (Elorrio, 36 urte) jaso zuen errugbiari dagokion saria.
Euskal Kirol Federazioen Batasunak duela gutxi banatu zituen III. Euskal Kirola Sariak. Euskadiko Errugbi Federazioak horrela proposatuta, Oskar Astarloak (Elorrio, 36 urte) jaso zuen errugbiari dagokion saria.Horrelako sari bat jasotzea beti da pozgarria.
Halaxe da. Beste hainbatek ere merezi dute, baina oso pozik nago. Gainera, jende askok zoriondu nau, eta horiei ere asko eskertzen dizkiet animoak.
Gazterik, 15 urtegaz, hasi zinen Elorrio rugby taldean jokatzen.
Gazteok fraileen eskolako harezko zelaian entrenatzen genuen. Hutsetik hasi ginen; hasieran jipoi galantak hartzen genituen Mungian, Hernanin… Baina apurka hobetzen joan ginen, eta Bizkaiko Kopa irabazi genuen, Kakarraldoren kontra.
19 urtegaz Xerox Getxo taldeak fitxatu zintuen.
Bai. Gaztetan Getxoren partiduak ikustera joaten nintzen lagunekin; gaur egun, futbolean Bartzelonaren partiduak ikustea lakoxea zen. Beraz, imajinatu nire ilusioa deitu zidatenean.
Beste eskaintza tentagarri bi etorri zitzaizkizun handik urte bira.
Bai, Baionatik eta Miarritzetik. Baiona bigarren mailan zebilen; Miarritz lehenengoan. Orduan, Getxotik bueltan Elorrion nenbilen, eta Miarritzera joatea salto handiegia zela pentsatu eta Baionan probatzea erabaki nuen. Hiru urtez segidan igoera fasea jokatu nuen, igoera lortu barik. Azken urtean, entrenamenduak areagotu zituzten eta bidaia denak ez zizkidaten ordaintzen. Orain eta hemen pentsatzen ipinita, beharbada hara bizitzen ez joatea hutsegitea izan zen.
Miarritzera ez joatea erabaki zenuen. Orain beste erabaki batzuk hartuko zenituzke?
Ez, ez dut bat ere damurik. Beharbada, batzuetan, erabakiak hartzeko orduan talde-giroari eta horrelako faktoreei gehiago erreparatu izan diet, irabazi nezakeenari baino. Alde horretatik bigun jokatu dudala? Beharbada. Baina hartutako erabakien damurik ez daukat.
Ondoren, Donibane-Lohitzunen hiru urte eman zenituen.
Bai, hirugarren mailan. Nire ibilbideko hiru urte onenak izan ziren. Ez ginen indartsuenak, baina taldeko giroa benetan ona izan zen. Handik, Baionara bueltatu nintzen, eta ondoren Ordiziara, biekin lehen mailan.
Ibilbide oparoa, baina ezin izan duzu ligarik edo igoerarik lortu.
Arantzatxoa geratzen zait. Hainbeste bider hain gertu egonda… Baina Euskadigaz sei bider irabazi dut lurraldekako txapelketa, eta Espainiako Selekzioagaz mundial bi jokatu ditut. Ezin naiz kexatu.
Espainiagaz, 7ko errugbian, Argentinan izan zen mundiala.
Besteak beste, Ingalaterrari irabazi genion, eta Japoni irabaziz gero Urrezko Koparako sailkatuko ginen, baina… partidu hark amaiera polemikoa izan zuen. Azken unean, entsegu bat lortu genuen, garaipenarena behar zuena, partidu amaiera iragartzen zuen sirena joa zegoelako. Eztabaida luzeen ondoren, epaileak beste jokaldi bat eman zuen, eta Japonek entsegua lortu eta kanporatu egin gintuen.
Gaur egun, Bera Beran zabiltza. 36 urtegaz errugbia gazteagotan legez bizi duzu?
Berdin-berdin; ilusio handiz. Batzuetan beste jokalari batzuek esan izan didate: \"Gaur ez dut jokatzeko batere gogorik\". Partidua hasi aurretik sekula ez dut sentzazio hori eduki. Hobeto edo txarrago jokatu nezake, baina beti jokatzeko gogoz nago.
Elorrio 30. urteurrena ospatzen dabil.
Izan dira urteak, esaterako, jaietan batu eta taldea sortuko zen, ez zen, dudak azaleratzen zirenak: \"14 jokalari bakarrik gaude…\" eta antzekoak. Aurten, aldiz, jokalariak badaude, gustura entrenatzen dira… Giro ona dago eta igarri egiten da.
Zure ibilbidea Elorrion amaituko duzu?
Hori da asmoa. 19 urtegaz joan nintzenean 23gaz bueltatuko nintzela uste nuen. 26, 28, 30… Urteak joan dira, ia konturatu barik, baina sasoiak laguntzen badit bueltatuko naiz. J.D.