Argiñetaren etorkizunaren inguruko hausnarketan, lehen ondorioak

Anboto 2011ko ots. 1a, 08:55

Hasierako bi batzarrak egin dituzte dagoeneko, herritarren iritziak jasotzeko asmoz. 30 bat lagunek parte hartu dute batzarreko, eta Argiñetaz gainera, proiektuak herriagaz eta eskualdeagaz izan beharreko hartu-emana ere aztertu dute.

Hasierako bi batzarrak egin dituzte dagoeneko, herritarren iritziak jasotzeko asmoz. 30 bat lagunek parte hartu dute batzarreko, eta Argiñetaz gainera, proiektuak herriagaz eta eskualdeagaz izan beharreko hartu-emana ere aztertu dute. Azkeneko bi eguaztenetan egin dituzte batzarrak. Proposamenak botatzeko erabili dituzte, eta hainbat iritzi entzun ahal izan dira bertan. Ondorio nagusietako bat, Argiñetako proiektua ahalik eta naturalen egitea izan da, ingurunea eta natura babestuz. Esaterako, bertan Interpretazio Zentrorik ez egitea adierazi dute; egitekoan, herrigunean agian. Aparkalekua ere herrian egitea hobea litzatekeela esan dute batzarkideek. Gainera, egitasmoa ondo joanez gero, herritik taxi, bizikleta edota autobus zerbitzua ipintzea proposatu dute. Errepidetik espaloia atontzea ere ideien artean dago, ibilaldian bertara erosoago hurreratzeko. Bideagaz jarraituz, beste alternatiba bat planteatu dute: Zenita auzotik ibilbide turistikoa osatzea. Izan ere, balio historikoa duten elementuak daude bertan: bainuetxea -gaur egun fraileen ikastetxea-, idi-proben gune zaharra, errotak, garai bat, uratxa iturria edota baserriak, besteak beste. Oraintsu egindako indusketetan hilobiak aurkitu dituzte, eta uste dutenez, baseliza azpian gehiago egongo dira. Batzarkideen iritziz, horiek hobe litzateke bere horretan uztea. Gune honekiko errespetua eskatu dute iritzi-emaileek. Baselizaren ondoan kofradia-elkarte bat dago, eta bertako auzokideek jaiak antolatzen dituzte, tartean baselizan mezak burutuz. Ohitura horiek mantentzea onetsi dute, baita Musikaireko kontzertuak ere. Durangaldeagaz lotuta, eskaintza Amankomunazgoagaz batera egin beharko litzatekeela adierazi dute. \"Proiektuaren abiapuntua\" besterik ez dela azaldu du Kristina Sierra zinegotziak, eta pausu guztiak ematen diren heinean, herritarrei informazioa luzatuko zaiela esan du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!