Elorrioko Institutuko eta Txintxirri ikastolako 20 bat gaztek astebete eman dute Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan, Tindufen. "Esperientzia zoragarria izan da", diote. Joan zen astean bueltatu ziren Saharako errefuxiatuen kanpamenduetatik Elorrioko Institutuko eta Txintxirri ikastolako 20 bat gazte. El Aaiun probintziako (wilaya) Amgala herrian (daira) astebete eman dute. Esperientzia "zoragarria eta oso aberasgarria izan da" gazteen esanetan. Elkartasuna adiereaztera joan eta "esperientzia gogoangarri askogaz bueltatu gara". Tindufeko aireportutik El Aaiuneko protokolora heldu zirenean zain zituzten hainbat familia. Lauko taldeetan banatuta familia horien etxean eman dute aste osoa. Hango bizimodua eta saharauien kultura bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute han emandako egunetan eta euskal kultura ezagutarazten ere saiatu dira: "Hainbat euskal joko erakutsi dizkiegu eta guk azaldua berehala ulertzen zuten eurek", diote. [img]http://www.anboto.org/images/8600/8633/2.jpg[/img] Gazteek bazekiten han "bizimodu gogorra" zutela, baina, hori eta guzti ere, "hara heltzean jaso dugun inpresioa ez da txikiagoa izan", aitortu dute: "Baldintza txarretan bizi dira eta bueltatzeko sasoia heldu denean pena handia eman digu haiek egoera hartan utzi beharrak". Hala ere, sahararren aldetik "aurrera egiteko gogoa eta adorea" jaso dituztela diote: "Izan ere, eurak ez dira horrela bizi nahi dutelako, injustizia politiko baten ondorioz baizik". Euskal Herrira bueltatzean telefonoz deitu zieten bidaia ona izan zuten jakiteko eta gazteek ez dute han sortutako hartuemana eteteko asmorik: "Berriro joateko gogoz bueltatu gara. Bitartean, kartaz, telefonoz edo beste edozein modutara hartuemanetan jarraitzeko asmoa dugu". [img]http://www.anboto.org/images/8600/8633/1.jpg[/img]