Gazteen lokalen ordenantza behin betiko onartu dute

Anboto 2010ko abe. 16a, 09:52

Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Udalbatzarrera gazteek lokaletan eragindako zaratek \"kaltetutako\" bizilagunak batu ziren eta ordenantza lehenbailehen indarrean ipintzeko eskatu zuten.

Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Udalbatzarrera gazteek lokaletan eragindako zaratek \"kaltetutako\" bizilagunak batu ziren eta ordenantza lehenbailehen indarrean ipintzeko eskatu zuten. EAJk gazteen lokalari ipinitako alegazio bi gehitu dizkiote testu definitiboari. Batetik, bizikidetza arazoak sortzen badira, bitartekari lanak arlo horretan aditua den batek egin zezan eskatzen zuten jeltzaleek eta \"berba horiekin ez, baina hezitzaile-bitartekari baten figura jaso da testuan\", azaldu zuen Ana Otadui zinegotziak. Ondoren, Niko Moreno alkateak zehaztu zuen bitartekari hori Durangaldeko Amankomunazgoko zerbitzu sozialetako eskaintza bat dela eta Udalari ez diola kosturik suposatuko. Onartutako bigarren alegazioa neurriak betetzen ez dituztenei eragiten die; arauak behin eta berriro hausten dituztenei edo bizilagunei eragindako enbarazuek luzaro irauten badute Udalak lokalaren itxiera planteatu dezake. Horregaz batera, ordenantzak itxiera ordutegirik zehazten ez duen arren, enbarazuak sarritan ematen badira Udalak ekintza ordutegia ezartzea planteatu dezake. PSE-EEko zinegotzi Mari Carmen Muñozek ordenantza dagoeneko behin betirako onartuta egotea \"albiste ona\" dela adierazi zuen \"nahiz eta denbora gehiegi, ia urte bi, joan diren asmoa sortu zenetik\". Zaratek auzolagunen bizi kalitateari luzaroegi eragin dietela gogoratu eta ordenantza bere osotasunean bete zedin eskatu zuen. Niko Moreno alkateak bizikidetza hobetzeko tresna legez definitu zuen ordenantza: \"Ez dezala inork uste lokalak izteko helburua duenik. Aitzitik, gazteen aisirako eskubidea indartzen du eta lokalen funtzionamendu normala sustatzen du, alde guztien arteko bizikidetasuna bilatuz\". Bizilagunen protesta Udalbatzarrean Ibarra 6 kaleko hiru bizilagun batu ziren eta udalbatzarra amaitzean alkateari euren eraikineko lokalean gazteek eragiten dituzten \"zaratak eta enbarazuak\" salatu zituzten: \"Hainbat denuntzia ipini ditugu eta udaltzaingoari ere sarritan deitu diogu\", azaldu zuten: \"Jabearekin kontaktuan jartzen saiatu gara, baina errioxarrra da eta ezin izan dugu; gazteekin ere batzartu gara, baina arazoak ez dira amaitu\". Ordenantzagaz \"hain zuzen, horrelako arazoei amaiera ipini gura diegu\", azaldu zuen Morenok.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!