Atzo iluntzeko udalbatzarrean 2011ko ordenantza fiskalak eztabaidatu zituzten. Oro har, 1,5eko igoera proposatu zuten -KPIaren, kontsumo prezioen indizea, azpitik-.
Atzo iluntzeko udalbatzarrean 2011ko ordenantza fiskalak eztabaidatu zituzten. Oro har, 1,5eko igoera proposatu zuten -KPIaren, kontsumo prezioen indizea, azpitik-. Hala ere, tabernetako terrazen tasa %25 igotzea proposatu zuten; ibilgailuena %3 eta zaborrena %5.
Niko Moreno alkateak terrazen tasaren igoerari buruz azaldu zuenez, Durangaldeko gainerako herrien \"oso behetik\" zegoen. Igoeraren aurretik, 10 mahaitik gora -launa aulkigaz- ipini gura zuenak urteko 29 euro ordaintzen zuen mahaiko. Morenoren arabera, \"Durangon 30 euro eta Arrasaten 93 euro kobratzen dituzte metro karratuko\". Zaborren tasaren igoera zerbitzu horrek sortzen duen defizitean oinarritu dute. Azkenik, automobilen tasaren igoeran zein 1,5eko igoera orokorrean \"oreka finantzarioa\" bilatu gura izan dutela azaldu du. Horrela, diru-sarrera osoak 7,2 miloitan kalkulatu dituzte eta horietatik hiru miloi zerga eta tasetatik etorriko dira.
EAJko zinegotzi Ana Otaduiren esanetan, \"baietz bozkatu dugu diru-sarrerak eta gastuak doitu behar direlako, baina aurrekontuetan gastuak zehazterakoan zorrotz jokatuko dugu\".