Kiroldegiko lanek iraun duten hile bietako kuotak itzuliko ditu Udalak

Anboto 2010ko urr. 27a, 10:17

Kiroldegiko bazkideei eraberritze lanek iraun duten hile bietako kuotak bueltatuko dizkie Udalak. Horretarako 9.200 euro bideratu dituzte.

Kiroldegiko bazkideei eraberritze lanek iraun duten hile bietako kuotak bueltatuko dizkie Udalak. Horretarako 9.200 euro bideratu dituzte. Hile bian itxita egon da Elorrioko kiroldegia hainbat eraberritze lan direla-eta. Niko Moreno alkateak jakinarazi duenez, hile bi horietako bazkideen kuotak bueltatuko dituzte: \"Egia esanda, kexa formalik ez dugu jaso udaletxean, baina egoki ikusi dugu diru hori bueltatzea\". Kiroldegiak 1.000 bazkide inguru ditu eta 9.200 euro bideratu dituzte zeregin horretara. Igerilekua itxita egon den hile bietan, ohiko erabiltzaileek Abadiñoko igerilekuak erabili ahal izan dituzte (enpresa berdinak kudeatzen ditu). Kiroldegiko lanak amaitzeko atzerapenaren zergaitiei buruz galdetuta, lanak aurrera eraman dituen enpresaren \"gehiegizko baikortasuna\" aipatu du. Horrez gainera, \"obra denetan ematen diren arazo txikiak ere sortu dira\". Kiroldegian gimnasioko hormak eta zorua berriztatu eta pintatu dituzte; igerilekuko aldagelak ere atondu dituzte, gutxitu fisikoentzako egokituz. Spinning gelak 15 bizikleta berri ditu, orain arte zeudenak baino hiru gehiago. Lan horiek guztiek 300.000 euroko aurrekontua izan dute. Bestalde, gaur eta bihar (urriak 27 eta 28) mantenu gimnasia, aquagym eta beste hainbat ikastaro dohainik probatzeko aukera dago kiroldegian.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!