68 komertzio, taberna eta zerbitzu enpresatan euskaraz jardunda, opariak lortu daitezke
68 komertzio, taberna eta zerbitzu enpresatan euskaraz jardunda, opariak lortu daitezke.
Merkataritzan euskararen erabilera handitzeko Geurien euskaraz, jakina! izeneko kanpaina martxan jarri du Elorrioko Udalak Elhuyar Aholkularitzagaz batera. Kanpaina horren bitartez, sariak irabazteko aukera izango dute Elorrion erosketak euskaraz egiten dituztenek. Kanpaina urriaren 4an hasi zuten, eta azaroaren 14an amaituko da.
Elorrioko komertzioetan euskaraz eskatzen duen bezeroari txartel bat emango diote, bertan, bere datuak idatzi ditzan. Ondoren, txartela komertzioan topatuko duen kutxatxo batean sartu eta, horrela, erosleak abenduaren 3an, Euskararen Egunean, egingo duten zozketan parte hartuko du.
Merkatarien aldetik jasotako erantzuna \"oso ona\" izan dela adierazi dute ekimenaren sustatzaileek. Izan ere, herriko 37 komertziok, 15 tabernak eta jatetxek, eta 16 zerbitzu-enpresak parte hartuko dute proiektu honetan (68, guztira). Gainera, merkatari bakoitzak emandako produktuekin osatuko dituzte ondoren zozketatuko diren saskiak.
Merkatariek eskainitako oparien artean, denetarik aurkitu daiteke: gaua eta gosaria herriko nekazalturismo batean, bazkariak zenbait tabernatan, edariak, kontserbak, motxilak… Gauza bitxiak ere oparituko dira; esate baterako, arropa lisatzen ikasteko edo ile mozketen inguruko ikastaroak, besteak beste. Sari-banaketa abenduaren 3an izango da, Euskararen Egunean, Elorrioko Udaletxean. Hainbat urte dira Elorrioko Udalak Geurien egitasmoa martxan ipini zuela, herriko arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko helburuagaz. Egitasmo horren testuinguruan kokatuta dago Geurien euskaraz, jakina! sentsibilizazio-kanpaina.
[img]http://www.anboto.org/images/8200/8275/1.jpg[/img]