Lasuen enpresari esleitu dizkiote lanak milioi bat euro pasatxoan eta 30 asteko epea izango dute proiektua amaitzeko.
Txantxibiri deitzen zaion kalea urbanizatu eta berriztatzeko lanak laster hasiko dituzte. Lasuen enpresari esleitu dizkiote lanak milioi bat euro pasatxoan eta 30 asteko epea izango dute proiektua amaitzeko.
Lanak hasteko eperik zehaztu ez duten arren, udal agintariek Lasuenegaz lehenbailehen batzeko asmoa erakutsi dute egutegia eta lanen planifikazioa zehazteko. Ondoren, Txantxibiri eta Otsa kaleko bizilagunei zein lanek modu batera edo bestera eragingo dien San Juan eta Ibarrondo kalekoei adostutakoaren barri jakinaraziko diete.
Txantxibiriko berriztatze lanetan kalea peatonalizatu egingo dute eta Kurutziaga kurutzearen ingurua handituko dute. Errepideagaz bat egiten duen Tanger tabernaren aurrealdeko zonaldea ere atonduko dute eta kaleko iluminazioa hobetuko dute. Horrez gainera, azpiegitura guztiak berriztatuko dituzte: argindarra, ur hornidura… teknologia berriko azpiegiturak ere ipiniko dituzte, zuntz optikoa, esaterako.