Rokodromoa inauguratuko dute zapatu eguerdian

Anboto 2010ko ira. 16a, 09:13

Zapatuan, Musika Eskolaren ondoko eraikinean egin duten rokodromoa inauguratuko dute. Udal ordezkariak eta rokodromoa kudeatuko duten Erdella mendizale taldeko eskalada arloko kideak ere bertan izango dira.

Zapatuan, 12:00etan, Musika Eskolaren ondoko eraikinean egin duten rokodromoa inauguratuko dute. Horrela, herritarrek boulder berria bertatik bertara ezagutu ahalko dute. Udal ordezkariak eta rokodromoa kudeatuko duten Erdella mendizale taldeko eskalada arloko kideak ere bertan izango dira. Proiektua Espainiako gobernuaren tokiko inbertsiotarako diru-laguntza ren bitartez finantzatu dute 57.000 euroan. Erdellako kideek esan dutenez eskalada erakustaldiren bat ere egingo dute. Erdellako eskalada alorreko taldea astelehenetik aurrera zabalkunde kanpaina egiten hasiko da; hau da, herritarrei rokodromoa erabiltzeko baldintzen berri ematen. Eric de la Cruz Erdellako kidearen arabera boulderrean ibiltzeko baldintza bakarra \"mendizale taldeko bazkide izatea da\". Horko urteroko kuota ordainduta boulderra erabili ahalko du interesadaukanak. 16 urtetik beherakoek nagusi bategaz lagunduta joan beharko dute rokodromora. Oraindik ez dute ordutegirik zehaztu.

Gaztetxoei begira

Herrian eskalada sustatzeko asmoz gaztetxoekin hainbat ekimen egitea ere badute helburu. Herriko hainbat kirol ezagutzera emateko herri mailan dagoeneko martxan dagoen egitasmoaren barruan, sei-zazpi urteko gaztetxoek rokodromoan ibiltzeko modua izango dute urtean zehar. Boulderraren egiturari buruz galdetuta, \"txikia, baina polita\" dela dio de la Cruzek: \"Hainbat zailtasun maila dauzka eta horregatik sarritan dabilenarentzako zein hasiberrientzako erabilgarria da\". Boulderra Adolfo Madinabeitia Gasteizko eskalatzaile ezagunak egituratu zuen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!