"Jendearen parte-hartzerik barik, ez dago jairik"

Anboto 2010ko ira. 2a, 12:31

Asier Castañares elorriarraren kartelak iragarriko ditu aurtengo jaiak. 29 urteko gazte honek pozik hartu du saria; bost aldiz aurkeztu da lehiaketara, eta irabazteko ilusioa zuela aitortu digu. Diseinua du gustoko, eta horretan dabil lan eta lan.

Asier Castañares elorriarraren kartelak iragarriko ditu aurtengo jaiak. 29 urteko gazte honek pozik hartu du saria; bost aldiz aurkeztu da lehiaketara, eta irabazteko ilusioa zuela aitortu digu. Diseinua du gustoko, eta horretan dabil lan eta lan. Zer islatu edo irudikatu gura izan duzu kartelean? Kartelaren bidez jaia irudikatu nahi izan dut. Festaren protagonista gu geu gara, herritarrak. Horregatik, karteleko protagonista pertsona bat da. Azken urteetan ildo modernoagoak, abstraktuagoak edota minimalistagoak nagusitu dira, baina aurten bai nik eta baita epaileek ere, festaren izaeraren aldeko apustua egin dugu. Jendearen partehartzerik barik, ez dago jairik. Tronpeta, kornetak… zergatik? Musika, txupinazoa, kalejira, herri bazkariak... hainbat ekintzatan biltzen dira herritarrak egun horietan. Kaleak jende eta zarataz gainezka egoten dira. Kolore biziak erabili ditut, festa eta umore onaren islada egiteko. Zer esan dizu herriko jendeak? Herritarrek zoriondu egin naute eta nigana hurbildu direnei gustatu egin zaie. Egongo da atseginez hartu ez duenik ere, baina inoiz ez da eguzkia denon gustorako ateratzen, zer egingo diogu bada! Diseinu munduan zabiltza… Ibilbidea bolondres moduan hasi nuen. Gasteizen ikasketak egin eta ondoren bi inprentatan eta freelance moduan ibili naiz. Urteetan zehar hainbat ikastaro egin ditut nire formazioa sendotzeko. Gaur egun, webguneen diseinu munduan murgiltzen nabil. Zelakoak iruditzen zaizkizu Elorrioko jaiak? Koloretsuak, partehartzaileak, herrikoiak, alaiak… uda nekez agurtu eta denboraldi berriari ilusioz hasiera emateko momentua izan ohi da. Ze ekintza ez duzu galtzen? Gaztetxeak antolatu ohi dituen ekintzak: bazkariak, kontzertuak edota jokuak, adibidez. Eguna ala gaua? Biak ditut gustoko, baina parrandarako gaua, zelan ez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!