Gazteen lokalak erregulatzeko ordenantza bozkatuko dute gaur Elorrion

Anboto 2010ko uzt. 14a, 09:47

Elorrion gazteak batzen diren behe solairuko 22 lokal daude. Jarduera hori erregulatzeko ordenantza landu du Udalak eta gaur 19:30ean hasiko den udalbatzarrean bozkatuko dute.

Elorrion gazteak batzen diren behe solairuko 22 lokal daude. Jarduera hori erregulatzeko ordenantza landu du Udalak eta gaur 19:30ean hasiko den udalbatzarrean bozkatuko dute. Niko Moreno alkatearen esanetan gazteen lokalak \"fenomeno nahiko hedatua dira\" eta gutxiengoak izanagatik \"liskarren bat edo beste sortu denez\", arlo hori erregulatzeko \"premia\" ikusten zuten. Ordenantzagaz gazteen eta lokala dagoen komunitatearen arteko hartu-emana \"armonizatu\" gura dute, alde bakoitzak bete beharreko baldintzak garbi utzita. Zeregin horretan lokaletako jabeek ere erantzukizuna dute \"nahiz eta orain arte ematen zuen ez zirela existitzen\". Beraz, udalbatzarrak ordenantzari baietza ematen badio, gazteen lokalak sortzeko prozedura arautua jarraitu beharko dute. Lehenengo Udaletxean jarduera aldaketarako lizentzia eskaera egin beharko dute beharrezko dokumentazio guztiarekin: NANaren fotokopia, lokaleko espazioaren banaketa jasotzen duen planoa eta teknikari baten egiaztagiria, besteak beste. Ondoren, hilabeteko epean, auzoko bizilagunei eskaeraren berri eman eta Konbibentzia Akordioa sinatzeko aukera emango zaie. Akordio horrek zehaztugabeko epea du eta auzotarrek deskantsurako eta ongizaterako duten eskubidea aintzatesten du. Arazorik sortuko balitz Udalaren bitartekaritza ere ahalbidetzen du. Irtenbide batera heldu ezik, akordioa apurtu egin daiteke. Ordenantzak batez ere eremu bi erregulatu gura ditu: Lokalaren baldintza fisiko minimoak eta jardueraren garapenean sortu daitezkeen arazoak. Gutxiengo baldintzen artean daude lokalak komun itxia, su itzalgailuak, emergentziazko argiteria eta erantzukizun zibileko asegurua izatea. Bestelako eskakizunen artean honakoak daude, besteak beste: ezingo dute altzaririk kalera atera enbarazua sortu dezakeenean eta lokal batetik ondoen dagoenerako gutxienzko distantzia 20 metrokoa izango da kale berdinean badaude eta 10 metrokoa aurrez aurreko espaloietan aurkitzen badira. Arauak ez betetzeak 500etik 5.000 eurora arteko isuna ekar dezake.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!