Audio gidak egiten aritu diren Toti Martinez de Lezea eta Jesus Eguzkiza izan ziren, besteak beste, aurkezpen ekitaldian.
Udan sartu berritan eta Balendi Berrio-Otxoa egunaren atarian, Udalak Ondare Ibilbidea inauguratu zuen eguaztenean. Herriko ondare anitzak (jauregiak, gurutzeak, dorretxeak, komentua, basilika…) lotzen ditu Elorrio inguratzen duen ibilbideak eta horien berri jaso ahalko da tokian tokiko plaka informatiboen bidez zein udaltzaingoan eskuragarri egongo diren audio giden bidez (euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta katalanez).
Ibilbidearen norabidea zoruan jositako harlauza gorriek adieraziko dute. Elorrioko Udaleko logoaz jantzitako 31 harlauza gorriak ondare bakoitzaren ondoan daude kokatuta; Udaletxe parean lehenengoa. Handik Erreka kalean zehar zuzentzen du ibilbideak bisitariari, batez ere, erdi aroa lotutako altxorrak bistaratuz. Berrio-Otxoa kaletik gorako zatiak, berriz, XVI. mendean murgilduko du interesatua.
Eguazteneko aurkezpen ekitaldian, udal ordezkariez gainera, audio giden gaztelerazko eta euskarazko bertsioak atondu dituzten Toti Martinez de Lezea eta Jesus Eguzkiza, eta, Aldundiko ordezkari Joseba Ugarte egon ziren. Niko Moreno alkateak eta Cristina Sierra turismo arloko zinegotziak proiektuan parte hartu duten lagun guztiak gogoratu zituzten, esker ona adieraziz. Ondare Ibilbidea \"turistentzat adina jenderentzat ere\" badela adierazi zuten. Era berean, ibilbideak \"bertako jatetxeak, tabernak, kaleak, biztanleak\", ezagutzeko aukera ere eskainiko dio bisitariari.
Audio gidek ondareen gaineko berri emango dute, modu erraz, ulergarri eta entretenigarrian. Horrela, ibilbidea Elorrioko historian zeharreko bidaia ere propsatzen du. Testuen artean bertsoak zein anekdota kuriosoak ere badaude. Toti Martinez de Lezeak testuak osatzea \"plazerra\" izan dela adierazi zuen eta testuen luzerak mugatu ez balu nobela bat idatziko zuela. Jesus Eguzkizak euskarazko testuak lantzerakoan turistak ez ezik herritarrak ere kontuan hartu zituen: \"Herria maitatu ez ezik bere iragana ezagutu ere egin behar dugu. Zelan maitatu ezagutzen ez duguna?\".