Datozen urte bietan merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta elkarteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko ardura berriro ere Elhuyar Aholkularitzari esleitu dio Udalak.
Azken urte bietan jorratutako bideari jarraipena emanez, datozen urte bietan merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta elkarteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko ardura berriro ere Elhuyar Aholkularitzari esleitu dio Udalak. Orain arte eskainitako zerbitzuez gainera, ekimen berriak hasiko dituzte.
Iaz hitzarmenean dauden merkatari eta ostalariekin banan-banan egon ondoren, bezeroekin euskarazko hartu-emana errazteko ikastaroetan parte hartzea proposatu eta \"harrera ona izan zuen\", Ainara Ibañez Elhuyar Aholkularitzako teknikariaren esanetan. Bide horretan sakontzeko hiru bide zabaldu zituzten: AEKn urte osoko eskolak, ikastaro espezializatuak eta Berbalagun egitasmoa. Hemendik aurrera ere aukera horiek eskaintzen jarraitzeko asmoa daukate.
Orain arte legez,hitzarmenaren sinatzaileei aholkularitza eta itzulpengintza zerbitzuak eskainiko dizkiete eta urtean birritan martxan ipinitako ekintzen berri ematen duen buletina argitaratuko dute.
Asmo berrien artean hitzarmena merkatari eta ostalari gehiagorengana zabaltzea dago. Aurreko bi urteetan enpresen eremuan ere eragin gura izan zuten, baina egoera ekonomikoa aproposa ez denez, oraingoz, asmo hori atzeratu egin dute.
Bezeroengan ere eragin gura dute. Horretarako, merkatariekin hartu-emana euskaraz egiten dutenen artean zozketa bat egitea planteatuko dute. Bezeroak bere datuak utziko lituzke kaxa batean, eta merkatari bakoitzak emandako produktu sorta zotz egingko lukete denen artean.
Azkenik, Elorrioko Merkatarien Elkarteak antolatutako ekintzetan euskararen erabilera zehazteko eta arautzeko plana diseinatu eta, ondoren, EMEri laguntza emango diote, hori garatu ahal
izateko.