Atzo (apirilak 15) Elorrion egindako ohiko udalbatzarrean EAJk Nizeto Urkizu kalean dagoen parkeari Jose Antonio Agirre lehendakari izandakoaren izena ipintzeko eskatu zuen mozio bidez.
Atzo (apirilak 15) Elorrion egindako ohiko udalbatzarrean EAJk Nizeto Urkizu kalean dagoen parkeari Jose Antonio Agirre lehendakari izandakoaren izena ipintzeko eskatu zuen mozio bidez. Mozioa ez zen aurrera irten ezker abertzalekoen aurkako botoekin.
Ana Otadui EAJko zinegotziak aurten Agirre hil zeneko 50. Urteurrena dela gogorarazi zuen eta \"merezitako omenaldia egiteko aukera eta une egokia\" zela esan zuen. Adierazi zuenez proposamena batzordean aurkeztu zuten lehenengo eta adostasunik lortu ez zutenez mozioa udalbatzarrera ekartzea erabaki zuten.
PSE-EEko zinegotzi Mari Carmen Muñozek mozioaren alde egin zuen Agirre \"demokrata bateratzailea\" izan zela gogoratuz.
Niko Moreno alkateak bat egin zuen gainerako zinegotzien iritziekin eta Agirreren \"joera ezberdinak bateratzeko ahalmena\" azpimarratu zuen eta bere izena zein garrantzia aldarrikatu zituen. Bere eta Gobernu Taldearen ezezko botoa prozesua aurrera eramateko moduan kokatu zuen. Izan ere, udalbatzar berean Elorrioko kaleen izendegia berritua onartu zuten, eta EAJren proposamena dagokion batzordera eramateko eta han lasaiatasunez eta irizpide guztiak kontuak hartuta hausnartzeko eskatu zuen.
Ana Otaduik horiek \"arrazoi ahulak\" zirela erantzun zion eta \"borondate falta\" ikusi zuen Gobernu Taldearen jarreran.
Bozketan aldeko eta kontrako boto kopuru bera izan zen eta alkatearen kalitatezko botoa erabili zuten mozioa atzera botatzeko. Ildo horretatik, Otaduik EHAko zinegotzi Jose Antonio Alkorta udalbatzarrera ez etorri izana salatu zuen. Azaldu zuenez \"batzordean mozioaren alde\" agertu zen, \"baina gero udabatzarrera etorri ezik ez du ezertarako balio\".