Joan zen hile amaieran eman zuten sortu asmotan diren Auzo Kontseiluari izaera instituzionala emateko azken aurreko urratsa. 15 auzoetako ordezkariak, Niko Moreno alkatea, Gobernu Batzordeko zinegotzi bat eta EAJko beste bat izan ziren batzarrean.
Joan zen hile amaieran eman zuten sortu asmotan diren Auzo Kontseiluari izaera instituzionala emateko azken aurreko urratsa. 15 auzoetako ordezkariak, Niko Moreno alkatea, Gobernu Batzordeko zinegotzi bat eta EAJko beste bat izan ziren batzarrean, eta Udalak proposatutako estatutuak (30 artikulu, hiru kapitulutan banatuta) banan-banan eztabaidatu zituzten. Aho bateko akordiora iritsi ziren.
Batzar horretan ez zen PSE-EEko zinegotzia izan, baina bai goizean egindako Auzo Batzordean, eta orduan \"aldeko jarrera\" erakutsi zuen, Niko Morenoren esanetan. EHAko zinegotzia ez zen batzar horietan izan. Estatutuak egueneko udalbatzarrera eramango dituzte, han bozkatu daitezen.
Auzo Kontseiluak auzo guztietako ordezkari bana izango du, eta alderdi politikoetako kideak ere egongo dira, baina boto eskubide barik. Han erabakiko dute, denen artean, auzoetako beharrizanak zeintzuk diren eta Udalari zer proposamen aurkeztuko dizkioten. Auzo Kontseiluak izaera kontsultiboa izango du, eta azken erabakia Auzo Batzordearena izango da; Udalarena, alegia.
Auzo Kontseiluagaz helburu nagusi bi lortuko dituzte. Batetik, auzoen eta Udalaren arteko \"hartu-mana sendotu\" nahi dute; bestetik, \"auzoek euren ahotsa eta dinamika propioa izango dute, auzoen elkarlana sustatuz\".
Udal hauteskundeak egin eta sei hilabetera aukeratuko dituzte auzo alkateak, hauteskundeen bitartez. Auzotar denak dira alkatea izateko hautagai, eta alkate izan gura ez duenak uko egiteko eskubidea izango du. Hauteskundeak auzoetan egingo dituzte. Dena dela, estatutuak onartzen badira, Auzo Kontseilua berehala martxan jartzeko asmoa daukate: \"Orain arte prozesu honetan auzoetatik etorri diren ordezkariei hauteskundeak egin arte, behin behinean, segitu dezaten eskatu diegu\", azaldu du Morenok.
Estatutuetan jaso dutenez, hiru hilerik behin batuko da Auzo Kontseilua. Hala ere, \"dinamika normalizatua sortzen bada, maiztasuna handitzea erabaki daiteke\". Orain, udalbatzar aretoa da Auzo Kontseilua batzeko toki ofiziala, baina batzar horiek auzoetan egiteari ondo deritzote, \"auzoetara ahalik eta gehien hurreratzea inportantea delako\".