Bere sasoian Hiri-Antolamendurako Plan Nagusiari buruz iritzia emateko sortu zuten Aholku Batzordeko bost ordezkari haserre agertu dira, Plana dagoeneko \"alegazioen epean dagoelako eta orain arte gurekin ez dutelako ezertarako kontatu\".
Bere sasoian Hiri-Antolamendurako Plan Nagusiari buruz iritzia emateko sortu zuten Aholku Batzordeko bost ordezkari haserre agertu dira Plana dagoeneko \"alegazioen epean dagoelako eta orain arte gurekin ez dutelako ezertarako kontatu\".
Batzordea 11 kidek osatzen dute eta horietako bost dira, beste hainbeste herri elkarte edo alderdi politikoren ordezkaritzapean, kexu agertu direnak: Elorrixa Ekologi Taldea, Elorrioko Auzokide Elkartuen Koordinakundea, Elorrioko Merkatarien Elkartea, Elorrioko Herritarren Aukera alderdia eta CCOO sindikatua, hain zuzen. Batzordea udalbatzarra osatzen duten gainerako hiru alderdietako eta (EAJ, PSOE, ezker abertzalea), EHNE sindikatuko ordezkari banak eta partikula bik osatzen dute.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Aholku Batzordea \"behin bakarrik\" deitu du Udalak, Denon Artean prozesu parte hartzailea hasi aurretik: \"Plan nagusia eztabaidatzeko gurekin batuko zirela uste genuen, baina ez da halan gertatu. Dagoeneko dokumentua erakusketa publikoan dago eta Aholku Batzordea alboratu egin dutela uste dugu\", salatu zuen Xabier Zarandonak, Elorrioko Auzokide Elkartuen Koordinakundeko ordezkari legez. Gobernu taldeak \"otsailean batuko zirela\" esan omen zien, baina \"ez dute esandakoa bete\". Gainera, gogoratu dutenez \"orain gobernu taldea osatzen duten horiek sasoi batean Aholku Batzordearen bultzaileak izan ziren\".
Horrez gainera, planak ez duela Denon Artean txostena —herritarren ekarpenak jasota osatutako txostena— errespetatzen uste dute. Ildo horretatik, \"beste dokumento alternatibo bat\" lantzeko eskatu dute, \"Denon Artean prozesuan jasotako ildoak beteko dituena\": Horien artean daude gehienez 350 etxebizitza eraikitzea, industriarako gehienez sei hektareako lurzatia bideratzea (lehenengo hutsik dauden eremu industrialak erabilita) eta Nekazaritza eta Basozaintzako planean balio estrategiko handiko legez kalifikatuta dauden lurzatiak ez okupatzea. Industriarako eremu gehiago bideratu aurretik, \"benetan beharrezko den jakin behar behar da\". Ildo horretatik, erabili gabeko zenbat lurzati industrial dagoen jakin asmoz, Udalean eskatu zuten datu hori eta \"oraindik ez digute datu hori eman\".
Behin txosten berria osatuta, alternatiba hori \"herritarrei aurkeztu beharko litzaieke eta Aholku Batzordean ere eztabaidatu beharko litzateke\".
Eskaera guztiak jasotzen dituen dokumentuari dagoeneko eman diote sarrera udaletxean.
\"Ez dago ezer erabakita\"
Niko Moreno alkatearen esanetan, astelehenean, Hirigintza Batzordea batzen denean, \"Aholku Batzordeagaz batzea planteatuko dugu, proiektu formalki aurkezteko\". Hala ere, \"plana erabakita balego legez dabiltza eta oraindik erakusketa publikoaren fasean bakarrik dago; ez dago ezer itxita\". Azkenik, uste du \"gainontzeko herritarren gainetik pribilegioak hartzen\" dabiltzala eta \"euren konpetentzia ez den eremuetan sartzen\" ari direla.
[img]http://www.anboto.org/images/7100/7126/1.jpg[/img]