Udalbatzarrak aho batez onartu du Ductilor-Fytasako enpresa komitearen mozioa

Anboto 2010ko ots. 12a, 09:39

Elorrioko udalbatzarrean batu ziren alderdi eta zinegotzi guztiek euren elkartasuna adierazi zieten langileei. Ductilor-Fytasa enpresako 30 bat langile joan ziren udalbatzarrera.

Elorrioko udalbatzarrean batu ziren alderdi eta zinegotzi guztiek euren elkartasuna adierazi zieten langileei. Ductilor-Fytasa enpresako 30 bat langile joan ziren udalbatzarrera. Ductilor-Fytasako enpresa komiteak udalbatzarrera eramandako mozioak alderdi eta zinegotzi guztien (ezker abertzalea, EAJ eta PSE-EE) aldeko botoa jaso zuen. Elorrioko Herritarren Aukerako zinegotzia ez zen udalbatzarrean izan. Mozioak langileen eta enpresaren egoera azaltzen du lehenengo: \"Bizi dugun krisi egoera honen erantzulea ez da inondik inora langilegoa. Azken urte hauetan, argiki frogatu ahal izan den bezala, enpresaren zuzendaritzak behin eta berriz hartutako erabaki erabat okerrak (antolaketa, komertzial eta produkzio arloan) zein enpresa kudeaketa desegokia dira egoera honen sorburu\". Gainera, egoerari aurre egiteko diseinatu duten bideragarritasun planak aurreikusitako neurriak \"langileen eskubideen aurkakoak dira; soldaten murrizketa, lanaldiaren luzapena, enpresa paktua behin behinean ez aplikatzea…). Mozioa onartuta udalbatzak \"aurkibidea laster aurkitzeko desioa\" adierazi eta \"lanpostuen defentsa eta langile guztien eskubideen defentsa\" exigitu zuen. Ductilor-Fytasako langile bati hitza eman zioten botaketaren aurretik: \"Udalbatzarraren sostengu morala eskertu nahi dugu, nahiz eta oraingoz morala bakarrik den. Garai latzak datoz eta enpresaburuen prepotentzia salatu nahi dugu. Badakigu gestio txarragatik bezeroak galdu ditugula. Beste sektore batzuk hobera egin dute eta guk txarrera egin dugu. Eskerrik asko udalbatzarrari\". PSE-EEko zinegotzi Mari Carmen Muñozek langileen eskaerak \"arrazoizkoak\" direla esan zuen eta zorte ona opatu zien negoziazioetan. EAJko Ana Otaduik bere \"elkartasunik sakonena\" eskaini zien eta \"enpresa bizirik mantentzeko alde guztiei negoziatzeko eta soluzioak bilatzeko\" eskatu zien. Ezker abertzaleak ere \"helburu zintzoak\" dituztela aipatu zuen: \"Gutxiengo helburuak dira; lanpostuak mantentzea eta eskubideen defentsa\". \"Nahi dutenerako eta nahi dutenean udaletxeko atea zabalik\" izango dutela ere adierazi zuen Niko Moreno alkateak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!