Zapatuan, Arriola bete-beteta, Hiri Antolamendurako Plan Nagusia azaldu zuten Elorrion. Datozen zortzi urtetarako plana kultur etxean jarri dute erakusgai. Zortzi asteko epea izango dute herritarrek plana ikusi eta haren inguruko iritziak emateko
Niko Moreno Elorrioko alkatea, Maria Jose Olabarria udal-arkitektoa eta Juan Landa arkitekto juridikoa izan ziren zapatuan planari buruz egindako azalpenean.
Juan Ramon Lombera arkitektoak gidatu du planaren erredakzio taldea, eta hauek dira proposamenetako batzuk:
- San Antoneko lurretan 7 hektarea industriarako klasifikatzea.
- Lince alboko lurretan sektorizatu bako lur zatia jartzea
- Montorran, Goietan, San Pion eta gasolindegi alboan hutsune urbanoak betetzeko etxebizitzak eraikiko dituzte. San Antoneko bi blokeen artean ere etxebizitza gehiago egitea aurreikusten da planean. Etxebizitza horien dentsitatea Arau Subsidiarioen aurreko zirriborroan baino txikiagoa izango da.
- Elgetako jaitsieran eta San Josen bideak hobetzeko proposamena.
- Leiz-Miota auzoan lur batzuk nekazaritzako lur moduan klasifikatzea.
- Ugarteko lurrak eta San Eloy alboko lurrak urbanizagarriak ez izatea proposatzen du planak. Aurreko proposamenean ez bezala.
Herritarren iritzia
Zapatuko ekitaldian, hainbat herritarrek San Antoneko lurretan egitekotan diren industria guneari buruzko kezka agertu zuten, eta nekazaritza lurrak babesteko eskariak ere egon ziren.
Niko Moreno alkateak nabarmendu gura izan duenez, \"dokumentuak bere ibilbidea hasi baino ez du egin\". Oraindik, hobekuntzetarako gauzak falta direla ere azaldu du. Adibidez, Hiri debekatuaren mapako lanak gehitu behar zaizkio planari, eta oraindik babes ofizialeko etxeen kopurua zehaztu behar dute Hirigintza batzordean.
Informazioa
Iturriko erakusketa 9:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta eguenetan udal-arkitektoa egongo da azalpenak emateko. Bestalde, planaren dokumentazioa udaletxean ere jaso daiteke, eta baita Udalaren
web gunean ere.