Udal taldeak orokorrean pozik agertu dira partida guztiak batzorde guztietan aztertu eta eztabaidatu dituztelako. PSE-EEk kontra bota du presoen senideei emango zaizkien diru laguntzengatik, eta EAJ abstenitu egin da \"egoera ekonomikoa dela-eta ezin delako Elorrio aurrekonturik barik egotera kondenatu\".
Aurten, diru-sarrerak nabarmen jaitsi dira udal guztietan, eta Elorrion ere horrela izan da. 2010erako 6.994.930,70 euroko aurrekontua du Udalak, iaz baino milioi eta erdi gutxiago. Murrizketa hori kontutan hartuta planteamendua zeharo aldatu behar izan dutela nabarmendu du Niko Moreno alkateak.
Udalak ematen dituen diru laguntzetan murrizketak egin dituzte, eta inbertsio nagusiak
Plan E delakoaz eta Udalak urteetan pilatutako aurrezkiaz egingo dira.
Hona hemen 2010erako Udalak dituen asmoetako batzuk:
- Berriotxoa kalean, Txantxibiri kalea izenez ezagutzen den zatia oinezkoentzat asfaltatzea eta inguruak atontzea
- Umeentzako parke berriak egitea. Hiru bat egitea aurreikusi dute, horietako bat Nizeto Urkizu inguruan.
- Auzo kontseilua egonkortzeko eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraitzea (horretarako 100.000 euro aurreikusi dituzte)
- Kiroldegian berrikuntzak egiteko inbertsio plana adostu dute, hiru urtetan 900.000 euro horretara emanda (aurten 250.000)
- Ur hornikuntzagaz jarraituko dute. Aurten Argiñetatik Anduetxetara ur hornikuntza berria egitea adostu dute.
- Udaletxeko plantillan Berdintasun teknikariarentzat plaza finkoa sortuko da.
- Proiektu teknikoak:
o Ibarra eta San Pio arteko bidea egitea
o Errebonbilo kalean eraberritze lanak
o Aldapabeitia jauregiari teilatua
o Naturbideagaz hastea. Fase bat edo bi aurten gauzatzeko asmoa du Udalak.
o Rugby eta futbol zelaian inbertsioak egitea
Desadostasunak
AHT (1.600 euro)
EAJk eta PSE-EEk AHTren informazioa zabaltzeko diru partidaren aurka agertu dira. Partida horretan Ezker Abertzalearen marka ageri dela adierazi du EAJko Ana Otaduik. PSE-EEko Mari Carmen Muñozek arinago
AHTren kontrako ekintzak deitzen zen partidari izena aldatu diela eta
AHTren inguruko informazioa jarri diela salatu du: \"helburuak berdinak dira, eta ez zait ondo iruditzen euren ideologia saltzeko denon dirua erabiltzea\".
Niko Moreno alkateak Ezker Abertzalearen ideologia agertzea normala dela erantzun du: \"gure printzipioen arabera jokatu dugu\". AHTren informazioa zabaltzearen inguruan, zera gaineratu du: \"Informazioa duenak behar bezala emango balu, ez genuke gastu hau egin beharko\".
Presoen senideak (47.500 euro)
Mari Carmen Muñozentzat larregikoa da presoen senideei emango zaien diru laguntza. \"Premia sozialak dituzten beste herritarrak baztertzen ditu, eta gainera ez da Udalaren konpetentzia\".
Morenok erantzun dio konpetentzia kontua barik printzipio kontua dela hori ere eta partida hori desagertzea desio duela ezker abertzaleak: \"baina zoritxarrez dispertsioaren biktimen mina baretzeko ez da nahikoa izango\".
Berdintasun teknikariaren plaza
Desadostasun honengatik atzeratu zen pasa den astean aurrekontuen eztabaida. PSE eta EAJ ez daude plaza finkoa sortzearekin ados. EAJtik boto partikularra aurkeztu dute, \"plaza sortu aurretik aztertu egin behar delako objetiboki zortzi ordutarako postu hori beharrezkoa den\". Alkatearen kalitatezko botoagaz atzera bota zen boto partikular hori.
Udalbiltza
Mari Carmen Muñoz Udalbiltzari emango zaion diru laguntza kritikatu du. Udalen elkartzeko erakunde ofiziala Eudel dela aldarrikatu du.
Morenoren esanetan, \"Udalbiltza herri moduan aurrera egiteko lan egiten duen erakundea da, eta gainera errepresioa, kartzela... pairatzen ari dda\". Muñozi eskatu dio Ezker Abertzaleari ez eskatzeko bere idearioa baztertzerik.