Udalak proposamenaren erakusketa zabaltzea adostu berri du; Kultur Etxean egongo da otsailaren 8tik martxoaren 31ra. Tarte horretan alegazioak aurkezteko aukera izango dute herritarrek.
Zenbat etxebizitza egingo diren eta zein lekutan, industria non kokatuko den, mugikortasuna zelan antolatu… Datozen zortzi urteetarako Hiri Antolamendurako Plan Nagusia (HAPN) diseinatu du Elorrioko Udaleko Gobernu Taldeak. Udalak proposamenaren erakusketa zabaltzea adostu berri du; Kultur Etxean egongo da otsailaren 8tik martxoaren 31ra. Tarte horretan alegazioak aurkezteko aukera izango dute herritarrek.
Onartu dutena erakusketan jartzea da, ez plana bera. Alegazioen ostean aldaketak-eta egiteko tarte bat egongo da, eta plana behin betiko maiatzean onartzea aurreikusten dute.
Plana osotzeko, besteak beste, 2008an egin zen Denon Artean ekimenetik ateratako ideiak hartu dituzte. Populazioari dagokionez, Denon Artean foroko partaideek Elorriok 8.000 biztanle inguru izatea nahi zutela adostu zuten. Horretarako 430 etxebizitza egitea proposatzen du planak. Etxebizitza horietatik % 70 Babes Ofizialekoak izatea nahi dute, eta Goietan, Montorran, Montorrosten, San Antonen eta San Pion eraikiko lirateke etxebizitza gehienak.
Industriaguneak zentralizatu
Industriarako lurrei dagokienez, HAPNko proposamenean San Anton eta Pulla artean 7 hektareako industrialdea aurreikusten da. 2007an Gobernu Taldeak atzera botatako aurreko Gobernu Taldeko EAJren proposamenean, 25 hektareako industrialdea planifikatzen zen San Antonerako. Azalera txikiagoko industrialde berria autobiagaz lotuta egongo litzatekeela azaldu du Ezker Abertzaleak, eta beraz, ez diela San Antoneko etxebizitzei kalterik eragingo.
Industria jarduera berriak San Antonen eta Forjaseko lurretan zentralizatzeko proposamena agertzen da HAPNko zirriborroan. Industria ez sakabanatzeko, San Eloy eta Lince inguruko industria lurrak desklasifikatzeko proposamena ere badago. Epe ertainean inguruotan industria gehiago ez garatzea lortu gurako luke Gobernu Taldeak.