Eskola publikoan pabilioi estalia egitea, rokodromoa eraikitzea eta jubilatuen etxeko lanak amaitzea onartu du Elorrioko Udalak.
Eskola publikoan pabilioi estalia egitea, rokodromoa eraikitzea eta jubilatuen etxeko lanak amaitzea onartu du Elorrioko Udalak.
Hiru proiektu horiek Estatuak tokiko inbertsioetara bideratutako diru laguntzekin garatuko dituzte. Tokiko inbertsioak egiteko 775.000 euro ditu Udalak. Hiru proiektuak 2010ean amaitzea da asmoa.
Aurrekontu handiena duen proiektua (670.000 euro) eskola publikokoa da. Bertan pabilioi estalia eraiki gura du Udalak, saskibaloi kantxa eta futbito zelaiagaz; eskolarako patioa izateaz gainera, herriaren eskura egongo den espazioa izango da. Adibidez, jaietan ekintzaren bat aterpean egiteko baliatu ahalko duela aurreikusi du Udalak.
Horrez gainera, rokodromoa eraikitzeko proiektua ere aurrera doa. Irakasleen Etxea izenez ezaguna den etxeko bajuetan egingo da, 58.000 euroko atalagaz. Herrian rokodromoa egiteko eskari handia dago, eta Udala urtebete ibili da Erdella Mendizale Elkarteagaz berbetan.
Azkenik Aldatzekuako ateetan sarraila elektronikoak jarriko dituzte; Kultur Etxean daudenen modukoak. Niko Moreno alkatearen esanetan, "Iturrin oso ondo funtzionatu du, eta bertan ere onuragarria izango da elkarteen arteko harremanak hobetzeko". Talde bakoitzak bere giltza izango duela dio. Orain, Aldatzekuan jubilatuen bi elkarteak, Elorri Lore elkartea, alargunena eta Berriotxoa Orfeoia daude.