Aurrekontuen zirriborroan azken uneko txarto ulertu bat izan dute, eta osoko bilkurako gai-zerrendatik kendu dute aurrekontuen eztabaida. Datorren astean landuko dute gaia, Hiri Antolamendurako Plan Nagusiagaz batera.
Batzordean landu duten proposamenaren eta osoko bilkuran aurkeztu denaren artean aldaketa bat egon da, eta horregatik, EAJ eta PSE-EEko udal ordezkariek eztabaida atzeratzea eskatu dute
Berdintasun teknikariarentzako lanpostu finkoa jarri edo ez hainbat eztabaida izan dute Elorrioko Udalean. 2010eko aurrekontuetarako Gobernu Taldeak plaza hori sortzea proposatu du. EAJk eta PSE-EEk, berriz, ez dute argi ikusten lanpostu finko hori beharrezkoa denik. Aurrekontuak Ogasunaren Batzordean eztabaidatu zituztenean, zirriborroan ez zen plaza horren berri ematen. Niko Moreno alkateak azaldu duenez, akats tekniko bat egon da tarteko. Zuzenketa juridiko bat egin dute plaza berria proposamenean sartzeko, eta Osoko Bilkura aurretik EAJk eta PSE-EEk aldaketa ikusi dutenean aurrekontuen eztabaida atzeratzeko eskatu dute.
Lanpostuaren inguruko eztabaida
Aipatutako plazaren inguruko eztabaida duela hilabete batzuk hasi zutela azaldu dute udal ordezkariek. Ana Otadui EAJko bozeramaileak azaldu duenez, \"lanpostu finko hori sortzea beharrezkoa ote den jakiteko txosten bat\" eskatu zuten oposizioko alderdiek: \"Krisi garaiotan udaletxeko lanpostuak sortzeko kontuz ibili behar gara, ondo justifikatuta egon behar dira plaza berriak\". Mari Carmen Muñoz PSE-EEko bozeramaileak zera gaineratu du: \"teknikariak egiten duen lanak lanordu osoa betetzen ote duen zalantza daukat\". Alderdi bietako ordezkariek gaia Berdintasun batzordean aztertzea gura dute.
Niko Moreno alkateak azaldu du Gobernu Taldeak Berdintasun teknikariaren postua egonkortu nahi duela. \"Lehengo moduan kanpoko aholkularitza bategaz lanordu erdira ibiltzetik barruan lanordu osoan langile bat edukitzera alde handia dago\". Urte hauetan Berdintasun sailetik egindako \"lan garrantzitsua\" gogoratu du, eta ogasunaren batzordera teknikariak egindako lanak eta bere helburuak batzen dituen txostena eraman zuela nabarmendu du. Gobernu Taldeak ahalik eta lanpostu finko gehien izatea gura duela esan du Morenok. Momentuan, udaletxeko 47 langiletik 40 dira funtzionarioak.
Eztabaida, datorren astean
Datorren astelehenean batzar berezia egingo dute Udalean, Ogasun batzordea eta Berdintasun batzordea elkartuta. Gaia landu, eta aurrekontuaren eztabaida eguenean eramango dute Ez-Ohiko Osoko Bilkurara. Bilkura horretan, aurrekontuez gain, Hiri Antolamendurako Plan Nagusia izango dute berbagai.