Diru-sarrera txikiagoei egokitutako proposamena egingo du Gobernu Taldeak. 19:00etan hasiko da Osoko Bilkura.
Krisia dela eta, beste hainbat udalen antzera, 2010ari diru-sarrera gutxiagorekin ekin dio Elorrioko Udalak. Gaur, urtarrilak 21, aurrekontuen inguruko eztabaida izango dute Osoko Bilkuran, eta bertan, Gobernu Taldeak diru-sarrerei egokitutako proposamena aurkeztuko du.
Niko Moreno alkateak nabarmendu duenez, azken urte biotan ia zortzi milioi eta erdiko aurrekontua eduki du Udalak, baina aurten diru-sarrerak ez dira zazpi milioitara heltzen. Hori dela eta, Gobernu Taldeak, aurrekontuetan gastu arruntetako diru-partidak gutxitzea proposatuko du. Partida horien artean daude, besteak beste, jaietarako diru-partida, ikastetxeentzako diru laguntzak eta kultur eta kirol taldeentzako diru laguntzak.
Datorren urterako inbertsio nagusiak diruzaintzako geldikinetik hartutako diruagaz egitea aurreikusi du Gobernu Taldeak. Alkateak aurreratu duenez, inbertsioen artean honakoak egongo lirateke: Berriotxoa kaleko bigarren faseko lanak, Zenitatik Anduetxetarako ur hoditeria, eta umeentzako parkeak proposatu ditu Gobernu Taldeak.