Krisi egoerari aurre egiteko bidegarritasun plan bat egitekotan da Ductilor; 21 kaleratze, soldata jaitsierak eta lanordu gehiago izango lituzke planak. Neurri horien kontra, langileek manifestazioa egingo dute zapatuan, 12:30ean hasita.
Langileei zorrak ordaindu ezin dizkiela eta, irailetik konkurtsoan -lehengo ordainketa etenduran- dago Fytasa. Ductilor Fytasa fundizioko zuzeneko eskulana eramaten duen enpresa da, eta krisi egoerari aurre egiteko bideragarritasun plana egitekotan da. Hainbat neurri hartuko lirateke: ERE gehiago, 21 pertsona kaleratzea, soldatak jaistea, eguneko ordu gehiago sartzea...
Planaren aurka protesta egiteko manifestazioa egingo dute Ductilorreko langileek zapatu honetan. 12:30ean Fytasatik irten eta herriko plazara abiatuko dira protestan. Langile batzordetik azaldu dutenez, \"enpresa zarratzeko zorian badago patronalak eraman duen kudeaketa txarragatik da\".
Soldatak, berandu
Aste honetan jakin dutenez, Ductilorreko langileek azkenean abenduan zor dieten diruaren zati bat jasoko dute. Soldatetan atzerapenak dituztela eta, Elorrioko fundizioko langileek itxialdia egin zuten pasa den astean Fytasako atean. Egun bat eta gau bat egin zituzten lantegiaren kanpoaldean enpresari eta administrazioari informazioa emateko exijituz.