Datorren urtean Argiñetan aparkalekua egiteko asmoa agertu du Elorrioko Udalak. Bisitarientzako leku egoki bat atontzea da Udalaren asmoa.
Aparkalekua Argiñetako sarreran eraikiko da, ur depositora doan lur zatian. Oraindik Udala eta lur jabeak ez dira akordio batera iritsi, tramitazio batzuk falta zaizkie, baina akordioa itxita dutela azaldu du Niko Moreno Elorrioko alkateak. Proiektua 2010ean gauzatzeko asmoa agertu du Morenok.
Turismoari bultzada emateko ekimena da aparkalekuarena. Argiñetako jaietan ere, autoak uzteko leku egokirik ez dagoela eta, bide bazterretan pilatu ohi dira. Aparkalekuak zenbat autorentzako lekua izango duen ez du zehaztu oraindik alkateak, baina autobusek buelta emateko tokia ere izango duela aurreratu du. Orain arte Mendrakaraino joan behar izaten zuten buelta emateko.
Alkateak aurreratu duenez, aparkalekuari sarrera bat egingo diote, eta inguruan zuhaitzak landatuko dituzte.