Fundizioko atean batu dira Fytasako langileak. Ostegunean, arratsaldeko lauretan hasi dute protesta. Fenwick bat atean, ez diote barruan zegoen kamioiari irteten utzi, eta suaren inguruan pasa dute gaua. Hurrengo diru-sariaren inguruko berririk izan ezean handik ez direla mugituko esan dute. Irailetik konkurtsoan edo ordainketa-etendura egoeran dago Fytasa. Enpresak langileekin dituen zorrak ordaindu ezin dituela-eta, Fytasako soldatak Fogasaren esku geratu dira. Berandu kobratzen ari dira, eta langileek salatu dutenez, ez diete segurtatu Gabonak aurretik dirurik jasoko dutenik.
Aurrerapen baten eske
Fytasan 109 langile ari da lanean, euretako hainbat EREan. ERE barruan dauden langileek langabezian emandako astea kobratzen dute, baina, irailetik hona, laneko astea kobratzeko arazoak izaten dituzte. Lanaldi osoan dagoen jendearen egoera txarragoa dela azaldu du ELAko ordezkari Mikel Elizburuk: "horiek geratu barik dabiltza lanean, eta ez dakite abenduan diru-saririk izango duten, eta horrela bada, noiz kobratuko duten". Langile askoren egoera ekonomikoa larria dela nabarmendu du. Egoera horren aurrean, soldata aurrerapen bat eta informazioa eskatzen dute langileek. Jaso arte ez direla atetik mugituko jakinarazi dute. Hilaren 18an zer edo zer ordainduko dietela esan diete, baina ez dute kopururik zehaztu. Informazio argia jaso artean lan-uztearekin jarraituko dutela azaldu dute langileek.