Udalak herriko kirol azpiegituren eta ekipamenduen gaineko azterketa esleitu zion LKS enpresari orain hile batzuk. Hauek instalakuntzak aztertzeaz gainera, inkestak egin dituzte federatutako taldeen, eskola kirolean dabiltzanen eta bestelako erabiltzaileen artean eta datu horrekin guztiekin osatutako txostena amaituta dago dagoeneko.
Kirol azpiegiturak modu batera edo bestera erabiltzen dituztenek askotariko eskakizunak dituzte. Esaterako, hainbat izan dira kanpoko igerileku baten premia adierazi dutenak; horri loturik, barruko igerilekua handitzeko beharra ere azaldu dute.
Horrez gainera, kirol anitzerako kantxa gutxi daudela diote askok. Azken urteetan federatu bakoen kirol praktika hazi egin da eta, ildo horretatik, federatu gabekoen kexa bat hauxe da: federatutako taldeek eta eskola kirolekoek azpiegiturak betetzen dituztela eta gainerakoek ez daukatela tokirik .
Azterketatik Udalak atera duen ondorio bat herriko kirol azpiegiturak sakabanatuta daudela da eta horrek denen arteko koordinazioa eta kudeaketa asko zailtzen duela. LKSk askotariko alternatibak proposatu ditu. Hauetako bat azpiegiturak gune berean kontzentratzea da; eta kiroldegia handitzea edo berri bat egitea ere proposatzen dute, igerilekua ondoan gehituz.
Orain alderdi bakoitzak azterketaren gaineko bere hausnarketa egingo du eta gero batzordeetan tratatuko dute.