Aste honetan hasi eta hilabeteko epean, herriguneko argiteria publikoaren azterketa egingo du Consultoria lumínica enpresak. Udalak 16.000 euroan esleitu dizkio lanak. Azterketa herrigunera mugatuko da; auzoetara ez da zabalduko, “hauetan beste azpiegitura mota batzuk daudelako”, udal arduradunen esanetan.
Azterketa horren bitartez, kale argien inbentario zehatz eta gaurkotua izateaz gainera, beste helburu batzuk bete gura ditu Udalak. Alde batetik, argiteria publikoak erabiltzen duen energia kontsumoa aztertuko dute. Horretarako, Udaletxeko fakturak aztertuko dituzte, besteak beste. Behin datuak batu eta aztertu ondoren, kontsumoa ahalik eta gehien optimizatzeko zer neurri hartu behar diren zehaztuko du azterketak. Bestalde, kale-argiek eragiten duten argi-kutsadura ere neurtuko dute, eta ondoren kutsadura mota horri aurre egiteko neurriak jasoko dituzte. Neurri horiek burutzeak zenbat denbora eta kostu izango lukeen ere zehaztuko dute azterketa horretan.
Azterketa hori Tokiko Agenda 21eko ekintzen barruan kokatuta dago eta diru-laguntzak jasoko dituzte EEEtik eta Industria Sailetik. Azterketa egiteko Euskadiko Energia Erakundetik %50era arteko laguntza jaso dezakete. Ondoren, azterketa horrek zehazten dituen ekintzak burutzeko, Industria Sailetik jasoko lukete laguntza (kaleko argiteria publikoa berriztatzeko planean, Euskadi 2009 Planaren barruan).