Azaroaren 2tik aurrera ONA txartela atera ahalko da herrian: txartelak orokorrean eskaintzen dituen aukera guztiez gainera, Udalak berak zerbitzu batzuk gehituko dizkio.
Udaletxean astelehenetik ostiralera eskatu ahalko da, 09:00etatik 14:00etara. Iturri kultur etxeko astegunetako ordutegia 09:00etatik 21:00etara artekoa da; zapatuetan 09:30etik 14:00etara.
Jakinaraza dutenez, datorren martitzenean, 19:00etan, jubilatuei zuzendutako hitzaldia dago Iturrin. Hitzaldian ONA txartelari buruzko xehetasunak emango dituzte. Horrekin batera, jubilatuendako tramitazio berezia egingo dute datorren astean: eguaztenean, eguenean eta barikuan egin ahalko dituzte gestioak Iturrin, 16:00etatik 20:00etara.
ONA txartelaren bitartez liburutegiko gestioak egin daitezke eta Osakidetzan hitzordua on-line hartu. Horrez gainera, Aldundian errenta aitorpena egiteko eta Estatuko Administrazioan gidatzeko baimeneko puntuak kontsultatzeko erabili daiteke.
Udala kiroldegiko txartela ONArekin lotzeko asmotan dabil; autoen sartu-irtena erregulatzen duten piboteak ere txartel horrekin kontrolatuko lirateke. Aukerak aztertzen dabiltza eta oraindik ez dute ezer zehaztu.