Ikastetxeko jantokitik geletarako pasabidea estaliko dute abuztuan

Anboto 2009ko uzt. 10a, 15:36

Irailean ikasturtea hasten denerako hobekuntza batzuk egingo dituzte Elorrio Herri Ikastetxean. Guztira, 406.000 euro bideratu dituzte zeregin horietara. Lanen baldintza-orriak onartuta, esleitzearekin batera hasiko dituzte. Uztailean eta abuztuan zehar eginda, amaituta egon behar dute datorren ikasturterako.

Batetik, ikastetxearen aspaldiko eskakizun bati erantzunez, jantokitik eskolarako pasabidea estaliko dute. Gune biak elkarrekin gehiago lotzeaz gainera, gazteak euritik babesteko izango da estalkia. Lan horiek 233.000 euroko aurrekontua dute (horietatik 12.000 proiektua egiteko dira).

Bestetik, eraikineko indar elektrikoaren azpiegitura aldatuko du Udalak, orain daukan potentzia handituz. Izan ere, azken urteetan ikusi dute eskolaren funtzionamendu normala doi-doi estaltzen duela gaur egun dagoen azpiegiturak. Horregaitik, etorkizuneko proiektuek beharrizana handituko dutela ikusita, ahalmen handiagoko sarea ipiniko dute, 154.000 eurorekin.

Azkenik, herri ikastetxeko sarrera nagusiko atea aldatuko dute. Izan ere, gaur egun dagoena estu samarra da eta gaztetxoen joan-etorria erraztu nahian ipiniko dute zabalagoa den  ate berri bat. Lan hori gauzatzeak 4.200 euro balioko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!