Frontoia estali eta erabilera askorako gunea sortu nahi dute

Anboto 2009ko eka. 25a, 11:23

Herrian erabilera askotarako gune baten premina ikusten du Udalak. Hutsune hori bete asmoz, plazako frontoia estali eta barruan sortzen den espazioa ildo anitzeko ekitaldiak hartzera bideratuko dute. Horretarako, ideia lehiaketa abiatuko dute, laster. Dagoeneko onartuta dago baldintza-orria. Lehiaketara aurkezten diren proposamenak irailean aztertzea da Udalaren asmoa.

Bere sasoian, Hirigintza Batzordetik irten zen frontoia estaltzeko ideia. Bigarren aukera bat ere bazegoen: eraikin berria egitea. Egokiago iritzi diote, baina, frontoia estaltzeari. Helburua garbia da: urtean zehar, dela herriko jaietan dela beste edonoiz, faltan botatzen da sarritan hainbat ekitaldi hartuko lituzkeen gune itxi eta egokitua. “Une honetan ez dugu espazio mota hori”, dio Niko Moreno alkateak.

Beraz, gune horixe sortu gura dute, baina ez edozein modutan: “Herria arkitektonikoki aberastuko duen zeozer gura dugu”. Zer eraiki erabakitzeko orduan kontuan hartu behar da, jakina, kokapena: “Herriko hirigune historikoan egongo da, plaza nagusiaren ondoan eta elizaren aurrez aurre. Erakinaren formak zein berau osatuko duten materialek errealitate horrekin josi beharko dute”, dio Morenok. Irisgarritasunari ere garrantzia emango diote.

Ideia lehiaketa irabazten duenak 12.000 euro jasoko ditu, eta baita proiektua aurrera eramateko eskubidea ere. Horrez gainera, 2.500 euroko akzesit bi banatuko dituzte. Horrela, motibazioa sortu eta parte-hartzaileen ahalegina onartu nahi dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!