Etxebarriko San Agustinen Aintzinako Ogibideen IV. Erakusketa antolatuko dute bihar, 11:00etan hasi eta egun osoan zehar. Olazar auzo elkartearen ekimenari esker, besteak beste, antzinako okinek edo buztinlariek zelan lan egiten zuten ikusteko aukera egongo da. Horrez gainera, antzerkia eta umeentzako jolasak ere prestatu dituzte.
12:00etatik 13:00etara, sasoi bateko ardi ile-moztaileek, gaztagileek eta harri-zulatzaileek zelan jarduten zuten erakutsiko dute arlo horietako adituek.
Arratsaldeko 16:30ean artisauen erakusketa hasiko da; zortzi stand beste hainbeste ogibideren erakusleiho bihurtuko dira: errementaria, hargina, zorroztailea, gorularia, buztinlaria eta okina, esaterako. Txerri bat ere erreko dute, eta pintxoak salgai jarriko dituzte.
Zaldi dotoreak ere ekarriko dituzte, eta horien gainean ibiltzeko aukera eskainiko dute. Tailerretan gaztetxoek kolore eta diseinu askotako papera egiten eta antzinako eskriben moduan lumagaz idazten ikasiko dute.
Azkenik, 18:30ean ehiza-hegaztien erakusketa (zetreria) hasiko da. Belatza, arranoa eta mozoloa lakoen hegaldiak ikusteko aukera ere eskainiko dute.