Datorren asteazkenean, apirilaren hasierarekin batera, jarriko dute indarrean Alde Zaharreko trafikoaren ordenazio berria. Horretara, herrietako alde zaharrek izan ohi duten ikuskerari hobeto lotuko zaiola uste dute udal arduradunek: “Oinezkoei bideratutako gune komertzial legez hartzen dira alde zaharrak. Oinezkoen ikuspegi hori indartu egiten da arratsaldetan. Ildo horretatik, ibilgailu zirkulazioari espazioa hartu nahi izan diogu”, adierazi du Niko Moreno alkateak.
Asteazkenetik aurrera zamalanetarako sarrera Erreka eta Errebonbillo kaleak izango dira. Irten, berriz, San Pio kaletik bakarrik egin ahalko da. Orain San Pio sarrera puntua da, baina asteazkenetik aurrera justu kontrakorako bideratuta egongo da: irteeretarako bakarrik.Ordutegia, berriz, honako hau izango da: astelehenetik larunbatera, goizeko 5:30etik eguerdiko 13:30era.
Don Tello kalean ere aldaketak egingo dituzte: kale horretarako sarrera han garajeak dituzten auzokoentzako mugatu dute.
Errebonbillo kaleak noranzko bakarra izango du ordenazio berria indarrean sartzen denetik aurrera: sartzeko bakarrik izango da. Irteera Montorra kaletik egin beharko da.
Taxi geralekua San Pio kalean atonduko dute. Zorua pintatzeko lanak gaur eta asteburuan zehar burutuko dituzte. Behar den tokietan trafiko seinaleak ipintzen ere badabiltza egunotan.
Aparkalekuak
San Pio kalea oinezkoentzako gunea izango da. Ondorioz, han dauden aparkalekuak desagertu egingo dira. Errebonbillo kalean, aldiz, justu kontrakoa gertatuko da. Izan ere, orain ezin da aparkatu eta ibilgailuentzako aparkalekuak sortuko dituzte.
Ordenazio berriak Urarka kaleari ere eragingo dio. Kale horrek ordutegi murriztua edukiko du: 9:00etatik 12:00etara. Gainerako orduetan, oinezkoentzako gunea bakarrik izango da. Salbuespena dira Urarkan garajeak dituzten bizilagunak.
Hiru hile barru, azterketa
Udal arduradunek aipatu dutenez, ordenazio berri honek ez du zertan behin betirakoa eta zurruna izan. Indarrean sartu eta hiru hilera, uztail inguruan, egoeraren azterketa egingo dute, ordenazioa nola garatu den ikusteko. Tarte horretan sortu diren arazoak –sortuko balira– aztertu eta ahal den neurrian konpontzen saiatuko dira.