Arrasate-Elorrio zatiko lanak hasi direla dio Gobernu Ordezkaritzak

Anboto 2009ko mar. 19a, 16:30

Gobernuaren Ordezkaritzak jakitera eman duenez, Adifek Abiadura Handiko trenaren (AHT) Arrasate-Elorrio zatiko obrak martxan jarri ditu. Gasteiz-Bilbo-Donostia Abiadura Handiko Lineako zatia da astelehenean eraikitzen hasitakoa. Zati horrek 4.440 metroko luzera izango duela eta Arrasate, Elorrio eta Aramaio zeharkatuko dituela azaldu dute Gobernuaren Ordezkaritzako arduradunek.Elkarlanak eta Elorrioko Udalak desjabetzak egin barik obrak zelan hasi litezkeen galdetzen dute. Argazkia: Astola aldizkaria. Gerediaga Elkartea

Gobernuaren Ordezkaritzak jakitera eman duenez, Adifek Abiadura Handiko trenaren (AHT) Arrasate-Elorrio zatiko obrak martxan jarri ditu.   Gasteiz-Bilbo-Donostia  Abiadura Handiko Lineako zatia da astelehenean eraikitzen hasitakoa. Zati horrek 4.440 metroko luzera izango duela eta Arrasate, Elorrio eta Aramaio zeharkatuko dituela azaldu dute Gobernuaren Ordezkaritzako arduradunek.

Bidearen zati horretan, trenaren ibilbidearen mendebaldeko eta ekialdeko adarrak banatuko dira. AHTaren proiektuak bidearen tarte horretarako hiru bidezubi aurreikusten ditu: Gabaundi (22 m), Kobate (94 m) eta Udalatx (3.184 m). Jakitera eman duten beste datuetako baten arabera, Arrasate-Elorrio zatiaren  %81,6 bi tuneletan zehar igaroko  da.

Mikel Cabieces Gobernuaren Euskal Automia Erkidegoko ordezkariak obra horien hasiera “albiste pozgarria” dela deritzo, “ AHTaren alde dagoen gizartearen gehiengorendako zerbitzua eskaintzeko  lanek aurrera darraiela ikusi litekelako”.  

Informazio falta

Elorrioko alkate Niko Morenori galdetuta, obra horien inguruan Udalak ez duela “ezelako informaziorik” jaso erantzun digu. Morenok dioenez, Elorrioko lurretan oraindik ez da desjabetzarik egin. Atxondo, Abadiño eta Elorrioko Udalak AHTaren gaia aztertzeko elkartu ziren, eta bilera horietatik trazatuaren aldaketa aztertzea erabaki zuten, “eragina ahalik eta txikiena izan dadin”.  Morenoren aburuz, oraingo iragarpen hau “propogandistikoa” da.
Ildo beretik. AHT Gelditu! Elkarlanak be iragarpen honekin Abiadura Handiko trenaren bultzatzaileek “farol bat” bota dutela pentsatzen dute. Argitu dutenez,  “Arrasaten eta Elorrion, lurjabeak desjabetu  aurretik, ezin dituzte obrak hasi”.  
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!