Oposizioak atzera bota ditu aurrekontuak

Anboto 2009ko mar. 13a, 13:21

Elorrion 2008ko aurrekontuak luzatu dituzte oraingoz. Izan ere, atzo aurrekontuak ezbaitzeko udalbatzarrean oposizioak –EAJ, PSE-EE eta EHA- Gobernu Taldearen aurrekontu proposamenaren aurka botatu zuen.

Elorrion 2008ko aurrekontuak luzatu dituzte oraingoz. Izan ere, atzo aurrekontuak ezbaitzeko udalbatzarrean oposizioak –EAJ, PSE-EE eta EHA- Gobernu Taldearen aurrekontu proposamenaren aurka botatu zuen.

Joan zen urteko azaroan aurrekontuak elkarrekin osatzeko proposamena  luzatu arren, Gobernu Taldearen aldetik inolako erantzunik ez dutela jaso kexatu zen Ana Otadui EAJko zinegotzia. Horrez gainera, agiri osoa aztertzeko “hamar eguneko epea bakarrik izanda aurrekontuetarako ekarpen baliogarririk egitea ezinezkoa” dela gaineratu zuen: “Aurrekontuak honela lantzeko era guztiz zilegia da, baina ez gaude ados prozesu hau eratzeko erabili den moduarekin. Gaur egun bizi dugun krisialdiak lana elkarrekin egiteko jarrera eskatzen du inoiz baino gehiago, alderdikeriak alde batera utzita”. EAJk azaldutako kriterioen arabera, aurrekontuetako inbertsioen atalean “orain eta etorkizunean enplegua sortu dezaketen esparruetan inbertitu behar da dirua”. Industrialde berria garatzeko arau subsidiarioen modifikazio puntuala ere proposatu zuten krisia amaitzean  Elorrio “kalitatezko enplegua sortzeko moduan egon dadin”.

Batzordean egindako botazioan abstenitu ondoren -aldeko jarrera modukoa erakutsiz-, gero udalbatzarrean EAJ zein Elorrioko Herritarren Aukera alderdiek aurrekontuen kontra botatu izana gogor kritikatu zuen Niko Moreno alkateak. Jarrera “lotsagarria” iruditu zitzaion. Horrez gainera, EAJri erantzunez, alderdi jeltzaleak proposamena bidali aurretik Gobernu Taldeak dagoeneko berea bidalia zuela- urriaren 29an- argitu zuen; batzorde guztiak ildo guztietako proposamenak jasotzeko zabalik zeudela zioena, hain zuzen. Ildo horretatik, PSE-EEk salbu, beste inork ez duela emendakinik aurkeztu gogoratu zuen, proiektu metodologiko bat bakarrik, eta beraz ez zutela kontra bozkatzeko “legitimitaterik”. Azkenik, Gobernu Taldeak beti jarrera parte hartzailea erakutsi duela esan zuen adibide bat jarriz: “Iaz kreditu adizionaletan bi miloi euro erabili genituen batzorde eta asmo ezberdinetan. Handik irtendako proposamenak gero udalbatzarrak onartu zituen. Ba, horietatik 170.000 inguru erabili zituen alkateak bere kabuz hartutako erabakietan. Gainerako 1.800.000 euroak udalbatzarrean adostasunez onartutako kontuetan erabili ziren”.

PSE-EEko zinegotzi Mari Carmen Muñozek azaldu zuenez, iaz aukeztutako emendakin zehatzei ez zien kasurik egin Gobernu Taldeak. Horrez gainera, batzordeetan aurretiaz erabakita dauden asmoak plazaratzen direla kritikatu zuen: “Ez dira proiektuak eztabaidatzen, dena erabakita ekartzen duzue”. Aurrekontuetako atal batzuk ere kritikatu zituen, euskal presoak bisitatzeko senitartekoei zuzenduta dagoena esaterako. Atala 113.000 eurora handitu izanari ez zion kriterio logikorik ikusi eta guztiz kontra agertu zen. “Familia horiek” gaineratu zuen “ongizate sozialetik jasotzen dute dirua eta ezarritako gutxienekotik gorako irabaziak dituztenez, ez lukete eremu horretatik dirurik jaso behar; ez dute hortik dirurik jasotzeko eskubiderik”.

Niko Morenok gogor erantzun zuen: “Ez dut onartzen batzordeei buruz esan duzuna. Ezin dut onartu. Gure proposamena denon elkarlanarekin ahalik eta aurrekonturik onenak lantzea zen eta badakizu hori”. Presoei zuzendatutako diru-laguntzen gainean zera azaldu zuen: “Nahiago genuke diru-laguntza hori existituko ez balitz, gu baino pozago ez legoke inor. Baina errealitateak kontrakora garamatza. Udal honetan mozio bat baino gehiago onartu da presoen sakabanaketa eta zigorra senitartekoei ere luzatu izana gaitzesten duena. Mozio horietatik konpromisoak irteten dira, eta konpromiso horietatik mandatuak”.

Gobernu Taldeak ez zuen aurreratu aurrekontuak berriro aurkeztuko dituzten edo ez: “Lehenengo egoera sakon aztertu behar dugu”, azaldu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!