Azken urteotako ohiturari eutsiz, Elkartasun Jaialdia antolatu du Kainabera gobernuz kanpoko erakundeak, Denon artean, baietz etxe bat! lelopean. Arriola antzokia izango du agertoki 12:00etan hasita. Aurten, Nikaraguako Mozonte herrixkan garatzen diharduten etxe “duinak” egiteko egitasmoa izango du ardatz. Bertan bolondres jardun duen Kainaberako Inma Escribanok hango arazoen berri emango du..
Musika, dantza eta kantua izango dira nagusi Elorrioko bertako ume, gazte eta helduen eskutik. Batutako dirua, berriz, Mozonten etxeak eraikitzeko erabiliko da. Mozonte eta inguruetako herrixketako arazo handienetakoa Chagas gaixotasuna da; etxeetako hormetako arrakaletan bizi den zomorro bat da sorburua. Jente asko kutsatzen ei du gaixotasun larri horrek. “Nerbio sisteman, bihotzean eta liseriketa aparatuan eragiten du, eta tratamendurik barik hilkorra izan liteke”, Kainaberakoek azaldu dutenez: “Sufritzen dutenak behartsuak direnez, enpresa farmazeutikoek ez diete garrantzirik emoten”.
Etxe bakotxa, 3.600 euro
Osasunerako kaltegarri diren beste faktore batzuk ere badira Mozonten: tximinirik bako ezkaratzak, desnutrizioa, familia handiak espazio txikian… Horren aurrean, Kainaberaren bitartez, etxe “duinak” egiteko egitasmoa abiatu dute, apurka-apurka aurrera doana: “Etxe eta inguru egoki bat ez da pentsatu litekeen besteko garestia: 3.600 euro dira. Elorrion, 7.200 lagun izanik, bakotxak 50 zentimo jarrita etxe bat eraikitzeko lain izango genuke”.