Mozonteko nekazaritza gunean (Nikaragua) etxebizitza “duin” eta “osasungarriak” eraikitzen lagunduko du diruz Udalak. Kainabera gobernuz kanpoko erakundeak bultzatutako ekimena da hori. Niko Moreno alkateak jakitera eman duenez, etxebizitza bi eraikitzeko finantzazioa bideratuko du Udalak.
Horretarako, 7.600 euro bideratuko dituzte. Hala ere, alkateak gaineratu duenez, urte amaieran beste etxebizitza bi finantzatzeko moduan izango dira.
Nikaraguako gune behartsuenetarikoa ei da Mozonte. Biztanleriaren gehiengoa nekazaritzatik bizi da; iraupeneko nekazaritza garatzen dute oinarrizko aleak laboratuz: artoa eta babarruna. Gehienak herrigunetik urrundutako komunitateetan bizi dira, errepiderik gabe, ur hornikuntzarik gabe eta argindarrik gabe. Etxebizitzak, berriz, zarpiatu bako adobearekin daude eginda. Gehienak ‘bajareque’-z egindakoak dira –gurutzatutako arbola arramak, lokatzez beteak—, Kainaberak azaldutakoaren arabera. Etxebizitza txikiak dira eta familia handiak, eta kasu askotan pilatuta bizi ei dira.
Horren aurrean jarri zuten martxan Bizi kalitatea hobetzeko etxebizitza duinerako eskubidea izeneko egitasmoa. Horren bitartez, nekazaritza inguru horretako 15 familiaren bizitza kalitatea hobetu gura dute, etxebizitza berriak eraikiz.
Beharrei egokituta
Beharrei egokitutako azalera eta ezaugarriak dituzten etxebizitzak eraikitzeko egitasmoa bultzatu du Kainaberak, hainbat gaixotasun endemikori aurrea hartzeko neurriak izango dituzten etxeak; malaria, beherakoak, arnas eritasunak eta beste batzuk. Pilatzeak ekidin gura dituzte, eta argindarra jarri, eguzki-panelak erabilita.
Oinarrizko higiene neurriak batzen zituzten etxebizitzak eraikitzen dihardute, horrekin lotuta, ongizate eta osasuna be aintzat hartuta. Elikadura eta produkzioa hobetzen ere badihardu Kainaberak, kontsumo eta higienerako ur pilaketan ez eze.