Irudi korporatibo berria diseinatu gura du Udalak, eta horretarako 14.500 euroko inbertsioa egingo dute. Euskopi enpresaren esku utzi dute Udalaren nortasun bisualaren gidaliburua egiteko lanen ardura, eta gabonak aurretik itxaroten dute udal arduradunek enpresaren proposamena eskuartean izatea.
Lau fasetan garatuko dute irudi korporatibo berri hori. Irudi instituzionala —armarria eta koloreak— sortuko dute lehenengo zati baten, eta, ondoren, irudi promozionala —jaietarako, ekitaldietarako, karteletarako…—. Hala azaldu du Niko Moreno alkateak. Ondorengo fase baten sartuko litzake paperezko euskarrien garapena. Aplikazio praktikoak etorriko dira azkenik: eraikin ofizialetan, ibilgailuetan, udaltzaingoaren arropetan… islatuko litzake irudi korporatibo hori, azaldu dutenaren arabera.
Armarri “modernoa”
Herriko alkatearen berbetan: “Orain ez dugu identitate bisualik. Bexilologo batek egin zuen orain urte bi armarriaren ikerketa Udalak horrela eskatuta. Hark zioenez, oinarri historikorik gabeko elementuak ditu armarriak; oinarri juridiko eta politikorik bakoa ere bai ei da”. Orain, armarri “modernoa” sortzea gura dute, eta horrekin lotuta irudi korporatiboa ere bai, argitu dutenez.
Ibilgailuak, paper-gauzak, aldizkariak, kaleetako seinaleztapena, udal eraikinak… guztiak identifikatzea da gura dutena, eta lan horixe da udal agintariek aurrera eroatea gura dutena, irudi korporatiboa landuz.