Udal kiroldegia erabiltzeagatiko hileko kuota ordaintzeko diru-laguntzak bideratuko ditu Udalak herriko kirol taldeentzat. Ohiko diru-laguntzaz gainera, beraz, aitatu dugun laguntasun ekonomiko hori ere jasoko dute.
Urtean 2.700 euro ordaindu behar dute taldeok kiroldegia erabiltzeagatik, Niko Moreno alkateak azaldu duenez: “Kirol talde batzuk konpetizio eta entrenamenduetarako kiroldegia erabili behar dute, eta horregatik ordaindu beharreko kuotarekin Udala arduratuko da”.
Kirol talde batzuekin Udalak daukan joera beste taldeetara ere zabaldu gura dute: “Izan ere, esaterako, Eleizaldeko futbol zelaia erabiltzeagatik ez zaio ezer kobratzen futbol taldeari”, arrazoitu du alkateak. Pilota, eskubaloi, saskibaloi eta areto-futboleko kirolariek erabili ohi dute kiroldegia, eta urteak dira kirol elkarteek gai horri heltzeko eskatu izan diela Udalari. Kiroldegia daroan enpresarekin kontratua lotzean ez zen hori lotu.
Errugbi zelaian hesia
Bestalde, errugbi zelaian zurezko hesia jarriko dute. Egur-garden enpresak 3.500 euro ditu horretarako. “Derrapajeak egiteko sartu ohi dira ibilgailuak, belarra eta ureztatze-sistema hondatuz. Errugbi taldekoek eurek eskatu izan digute”, dio alkateak. Udatik hona pare bat bider sartu dira “triskantza” eraginez.