Zergak eta tasak %3,5 igoko dituzte datorren urtean. Hala onartu dute, azkenean, udalbatzarrean. “Udalaren inbertsio zein gaitasun ekonomikoa” mantentzeko, Gobernu Taldeak proposatutako %4,2ko igoera orokorra onartu zuten Ogasun Batzordean. Baina, udalbatzarra hasi aurretik deitutako bozeramale batzordean %3,5 igotzeko proposamen berria egin zuen gobernu taldeak, udalbatzarrak aho batez onartu duena.
PSE-EEren berbetan, akordio “ona” da lortu dutena. “Elkarleku bat lortzeko ahalegina egin da”, azaldu duenez. Igoera horrekin “desorekarik” egongo ez dela uste dute sozialistek, hasieran %3ko igoera proposatu arren. Azaldu dute urte arteko Kontsumo Prezioaren Indizea (KPI) %3,6an kokatu dela urrian eta uztailean %5ean zegoen arren, urtea seguruenik %3a baino apur bat gorago amaituko dela uste dutela.
EAJk ere %3ko igoera planteatu izan du: “Abenduan KPIa %3an izango da, txarrenean, eta, hori igotzea jotzen dugu egokiena”. Hala ere, azkenean “aho bateko erabakiari garrantzitsua” iritzita bat egin dute %3,5ko igoerarekin.
Hala ere, bada salbuespenik. Bide publikoa okupatzeagatik kontainerrak jartzeagatiko tasa apur bat igo den heinean, jaitsi egin da aldamioa jartzeagatikoa.
Bestalde, bide publikoa ustiatzeagatik taxiek ordaintzen duten tasa %300 igotzea ere proposatu da: “Inguruko herrietan kobratzen dutenarekin parekatu dugu: urtean, 14 eurotik 50 eurora. Badoa ere, adibidez, 60 euro ordaintzen da”, azaldu izan du Niko Moreno alkateak. Aurten, Udalkutxatik ia bost milioi euro jaso ditu Udalak, baina 212.000 euro bueltatu beharko ditu 2009an. Egoera hori hainbat udalek bizi du.