Datorren urteko zerga eta tasak %4,2 igotzea proposatu du gobernu taldeak, neurri handi batean, “Udalaren inbertsio zein gaitasun ekonomikoa” mantentzeko, Niko Moreno alkateak dioenez. Kontsumo Prezioaren Indizearen (KPI) mailan egin gura dute ordenantza fiskalen igoera, gaur, 19:00etan izango den udalbatzarrean eztabaidatu dute.
Hala ere, bada salbuespenik. Bide publikoa okupatzeagatik kontainerrak jartzeagatiko tasa apur bat igo den heinean, jaitsi egin da aldamioa jartzeagatikoa.
Bestalde, bide publikoa ustiatzeagatik taxiek ordaintzen duten tasa %300 igo da: “Inguruko herrietan kobratzen dutenarekin parekatu dugu: urtean, 14 eurotik 50 eurora. Badoa ere, adibidez, 60 euro ordaintzen da”.
2008ari begira %1,5 igo ziren tasa eta zergak. “Udalaren egoera ekonomikoa eta orokorra ona zen, eta ez genuen derrigorra iritzi igotzea. Igoera testimoniala erabaki genuen”, dio Morenok. “Aurten, krisia dela-eta zaila ikusten da. Baina, iaz, %2,7 KPIaren azpitik geratu ginen”. Gastu arrunta gutxienez KPIa beste edo gehiago igotzea aurreikusi dute eta “ezin” dute diferentzial hori gehitzen utzi.
Diru-bilketako gaitasuna mantentzeko igoera ei da. Aurten, Udalkutxatik ia bost milioi euro jaso ditu Udalak, baina 212.000 euro bueltatu behar ditu. Egoera hori hainbat udalek bizi du.