Herritarren %28,6k erabiltzen du euskara kaleko hartu-emanetan

Anboto 2008ko urr. 30a, 15:33

Elorriarren %28,6k erabiltzen du euskara kaleko euren arteko hartu-emanetan: datu hori kaleratu du Soziolinguistika Klusterrak. Maiatzean lau egunez kalean aztertutako 100 elkarrizketatik 29 izan ziren euskaraz.

Elorriarren %28,6k erabiltzen du euskara kaleko euren arteko hartu-emanetan: datu hori kaleratu du Soziolinguistika Klusterrak. Maiatzean lau egunez kalean aztertutako 100 elkarrizketatik 29 izan ziren euskaraz.

1993tik 2008ra jasotako datuetan gorabehera batzuk egon diren arren, oro har, 6,4 puntu hazi egin da euskararen erabilera. Hala ere, esan behar da erabilera 7,1 puntu jaitsi dela azken neurketatik hona; 2003an egin zuten hori, Udalak eta Barriketan euskara elkarteak sustatuta. Orduan, erabilera %36koa zen; 1993an %22koa, 1997an %30ekoa eta 2001ean %33,94ko, Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketaren baitan.

elorrioeuskaraerabilera_copia.jpgUmeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%49,3) Soziolinguistika Klusterraren neurketaren arabera, oraindino adin talde euskaldunena izanik; ondotik doaz helduak (%24,7) eta gazteak (%22,2). Adinekoek dute erabilera maila eskasena (%15,5).

Jauzia: umeak eta gazteak

Umeen erabilera igo egin da azken 15 urtean (6,2 puntu), bilakaera etenik gabe gorakorra izan ez arren; aurten, 2003an baino 7,2 puntu baxuagoa izan da. Gazteen artean, berriz, euskararen erabilerak 2003an jo zuen goia  (%40,5). 1993tik ordura arte, aurrekoaren bikoitza hazi zen datua. 2008an, berriz, 2003an baino 18,3 puntu beherago neurtu dute.

Antzeko mailan mantendu da helduen artean erabilera; 1993tik 1997ra 10 bat puntu hazi zen. Aldiz, adinekoen datuak 15 urteotako bilakaera “nabarmen negatiboa” erakusten du: 1993an %64,4tik gorakoa zen bitartean, 2008an %15,5koa da. Ezagutzaren bilakaeraren fenomeno demolinguistikoarekin ei dago lotuta.

Azkenik, umeak aurrean direnean erabilera nabarmen hazten dela ere erakutsi du neurketak (29 puntutik gora); mintzakide direnean igartzen da gehien (%64). Horren agerikoa ez den arren, umeen presentziak ere eragina dauka gainerako hiztunengan (%44,4). 


Ezagutza eta erabilera

* Eustatek kaleratutako ezagutza datuen arabera, Elorrion, %58,6 dira euskaldunak, ia euskaldunak %17,4, eta, erdaldunak %23,9.

* Haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%49,3); ondotik doaz helduak (%24,7) eta gazteak (%22,2). Adinekoen taldeak dauka erabilera maila eskasena (%15,5). 

* 1993tik 2008ra jasotako datuetan gorabehera batzuk egon diren arren, orokorrean, hazi egin da euskararen erabilera; azken neurketatik hona, baina, 7,1 puntu jaitsi da.

* Antzerako ezaugarriak dituzten inguruko beste herri batzuekin alderatu ondoren, ondorioztatu dute itxaron zitekeen erabilera indizea “apur bat altuagoa” dela. Euskara erabiltzeko aukerak aprobetxatzen ei dituzte elorriarrek.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!