Asteon zabaldu ditu ateak Iturri kultur etxean egokitutako ludotekak, 37 neska-mutikorekin. Durangoko Berbaro euskara elkarteak eroango du eta, oraingoz, lau begiralek jardungo dute bertan.
Adinaren arabera, talde bitan banatuta —sei urtetik beherakoak eta zazpi urtetik gorakoak— hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute ume eta gaztetxoek, arratsaldez. Eskolatik kanpora “alternatiba” eskaini gura du Udalak zerbitzu horrekin, “kirol jarduera edo bestelakoen osagarri” izan gura duena. Hala azaldu du Niko Moreno alkateak.
Berez, 70-80 lagunentzako lekua egokitu dute: “Baina herritarrek zerbitzuaren nondik norakoak ezagutzen ez dituztelakoan gaude. Umeak gura duenean sartu zein irten dezake. Hala ere, zenbaki polita da 37”.
Gabonetara arte mantenduko dute, eta gero, berriro zabalduko da matrikulaldia; ekaina arte luzatu gura dute. Ludoteka zerbitzu “egonkorra”izatea gura du Udalak, eta hasi dira kokapen finkoa topatu guran, Iturri behin-behinekoa da-eta.