Euskara eta etorkinak, helduen euskalduntzearen bilakaera eta euskararen kale erabilera. Hiru esparru horiexetan emandako pausoen nondik norakoak azalduko dituzte martitzenean, urriaren 28an, Udaletxeko pleno aretoan.
Deialdia zabala da, eta hitzordua 18:30ean jarri dute. Aurten amaitu dute Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, eta berriarekin hasteko tresna baliagarri ere izango ditu Udaleko Euskara Kontseiluak azken urtean egindako ikerketok.
Maiatzean egin zuten euskararen kale erabileraren neurketa herrian, eta martitzenean horren inguruko datuak emango ditu Soziolinguistikako Klusterreko Asier Basurtok. Etorkinen eta euskararen inguruan jardungo du Julene Lazkanok, eta, Mertxe Mugika AEK-ko ordezkariak, berriz, helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari buruz; bilakaera, ikasle motak… Hala jakin eragin dute udal arduradunek.
Azalpenak entzunda, bertaratuko direnek aukera izango dute entzundakoari buruzko galderak, ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera; baita iritzia eman eta zalantzak agertzeko ere.
‘Geurien’ hitzarmena
Bestalde, urriaren 30ean, 20:00etan, Geurien hitzarmenaren aitorpen-ekitaldia izango da. Herriko elkarteei, merkatariei, ostalariei, zerbitzu-enpresei eta enpresei zuzendutako ekitaldia Udaletxeko pleno aretoan izango da, eta hitzarmenari buruzko azalpenak jaso eta elkar ikusteko balioko du, abiatutako egitasmo berrien berri emateko ez eze; tartean, urtean bi bider argitaratzea aurreikusi duten aldizkari berria.
Aurrera begirako ekarpenak, proposamenak eta zalantzak argitzeko ere aprobetxatuko dute. Lanean jarraitzera animatu eta diplomak banatuko dira luntxaren aurretik.