
Komunikazio plan hori garatzeko bigarren fasea Harman enpresak eroango du aurrera, eta hirugarrena, berriz, Di-da enpresak.
“Diagnosian batutako ondorioak eta egon daitezken hutsuneak jaso eta konpontzeko”, komunikazio plana diseinatzeko ardura hartuko du Harman enpresak, eta plan hori martxan jartzeaz arduratuko da Di-da, Morenok argitutakoaren arabera. Horretarako eperik eta diru-kopururik ez dute zehaztu oraindino.
Herritarren pertzepzioa
Komunikazio planaren oinarri izango den diagnosian herritarrek udal jarduera zelan ikusten duten jaso gura dute; horrezaz gainera, “zein den Udalaren hartu-emana herritarrekin zein alderantziz, eta, herritarrek Udalarekin zein hartu-eman eduki gura luketen ere bai”, herriko alkatearen berbetan.
“Dauden komunikazio hutsuneak eta premiak ikusi gura ditugu, tartean Udalaren eta herritarren arteko hartu-emana zelakoa den; herritarren pertzepzioa zelako den”. Udal jardueraren baitan sailen arteko hartu-emana ere hobetu gura ei dute: “Finean guztion arteko komunikazioa bideratu gura dugu”. Izan ere, herriarekiko hartu-emana hobetzea eta hutsuneak betetzea du helburu diseinatu gura duten komunikazio planak.
Webgunea hobetu guran
Besteren artean, Udalaren webgunea hobetu gura dute, kanpora begirako informazioa zabaltzeaz arduratuko den bulegoa sortzeaz gainera. Bestalde, Udal Aldizkaria ere egokituko dute udal arduradunek. “Premia sumatuta hasi ginen bere garaian buletina kaleratzen. Hala ere, orain izan daiteke hori egokitu beharra izatea”, dio udal arduradun nagusiak.