Errebonbiloen tiro hotsekin hasiko dute eguna domekan. Aspaldi hainbat herritan zeuden defentsa-talde antolatuekin lotutako hitzordua dute Elorrion urriko lehenengo domekan, eta usadioari eutsiz, aurten ere auzoetatik jaurtitako salbek argituko dute eguna etzi. Errebonbilo Eguna ospatuko dute urriaren 5ean elorriarrek.
Errebonbiloen kalejirak abiatuko du eguna 05:00etan, salba joaz. Tradizioak esanari eutsiz, Udaletxera eta Sortzez Garbiaren basilikara botako dituzte lehenengo tiroak 14 errebonbiloek; kapitaina eta txistularia ere joango dira eurekin. Ondoren, urteroko bideari ekingo die. Alkatearen etxe aurrean ere botako dituzte tiroak, eta gosaltzeko ere egingo dute geldialdia.
Arratsaldean, Errosarioko Ama Birjinaren prozesioa babesteko irtengo dute errebonbiloek, eta 17:30 inguruan Erreka kaletik Txintxirri ikastola ingururako bidea hartuko dute, bertatik berriro plazara hurreratuz. Ondoren, Arriola ingurutik Kurutziagaraino igoko dira eta Berrio-Otxoa kaletik plazara jaitsi.
Alardea eskainiko dute bertan errebonbiloek. Desafioa, Banan-Banakoa, Aurreskua, Zortzikoa, eta, Fandagoa eta Arin-Arina eskainiko dituzte, kalejirarekin amaituz erakustaldia.
Errebonbiloen saioa amaituta, Alaiki taldearen erromeria izango dute plazan; arkume errea ere eskainiko dute frontoian.