Urriaren 5ean emango dituzte Galartza inguruan egindako etxebizitza sozial eta babesekoak. Niko Moreno alkateak aurreratu duenez, Arriola antzokian izango da alokairuan emango dituzten 18 etxebizitza sozialen zotz egitea. Salmentan jartzeko eraikitako babeseko 22 etxebizitzetariko bat lortzeko aukera ere izango dute elorriarrek.
Amaituta dagoz 18 etxebizitza sozialak, herriko alkateak azaldutakoaren arabera. Salmentarako babesekotako batzuk, aldiz, eraikitzen dihardute oraindino. Galartza inguru horretan sortu barri den kalearen izena ere onartu dute azken udalbatzarrean: Galartza Uria izena hartuko du kale horrek. “Inguru hori Galartza moduan ezagutu izan da beti, eta hori aintzat hartuta egin da proposamena”, adierazi du Morenok. Toponimia ikerketa eta Udaleko hainbat batzordetan aztertutakoak hartu ei dira kontutan izena aukeratzerakoan. Aho batez hartu izan da erabakia.
Hospitalen, etxebizitza bi
Bestalde, Hospital deritzon sektorearen plan partziala onartu da behin betiko. Kooperatiba bidezko eta merkatu libreko etxebizitzak egin dira inguru horretan; Udalak etxebizitza bi eskuratuko ditu, baina alkateak ez du argitu zein erabilera emango
dieten.