Hiri-antolamendurako Plan Orokorra zehazteko partaidetza prozesua urrian hasiko dute, herritarren parte-hartzearekin lau mahai tematiko sortuz: ‘Ekipamenduak eta zerbitzu publikoak’, ‘Ingurumena eta iraunkortasuna’, ‘Hiri-eredua’ eta ‘Mugikortasuna’.
Denon artean lelopean berbaldi zikloa egin zuten maiatzean, eta partaidetza prozesua ekainean hastekoa zen arren urrira atzeratu zuten parte-hartzea zabalagoa izango delakoan.
Plan Orokorraren inguruan azalpenak emateko berbaldia antolatu dute irailaren 25ean. Udaletxeko aretoan izango da, 19:30ean, eta herritarrak parte hartzera deitu dituzte. Plan Orokorra bera, Durangaldeko Lurraldeko Zati-plana eta eragina izan dezakeen bestelako plan sektorialak azalduko dituzte, arauak idatzi dituen arkitektoak eta partaidetza prozesua eroango duen GEA 21 enpresako kideek.
Mahai tematikoetan herriko sektore ahalik eta zabalena ordezkatzea gura dute, eta hori aintzat hartuta Udalak gonbidapen zuzena egingo deutse merkatariei, elkarteei, enpresei, herritarrei… parte hartu dezaten. Ordurako gertu izango da Udalaren laguntzarekin enpresek proposatuta egingo duten soziograma eeree: “Herriko elkarteak, euren arteko zein Udalarekiko hartu-emanak, ezaugarriak… zehaztuko dira bertan. Horrek erakutsiko digu hutsunerik eta taldea osatu orduan hori betetzeko aukerarik badagoen”, dio Ainhoa Moreno ingurumen teknikariak.
Azaroa bitartean
Mahai tematikoetan parte hartzeko 20 lagunek eman dute izena dagoeneko. Hala ere, irailaren 25ean berriro zabalduko dute deia. Eztabaida sortu eta herritarren ekarpenak jaso gura dituzte, eta taldeak 8-10 lagunekoak izango dira. Arazoan, berriz, mahai tematikoetan parte hartu duten guztiekin eta Udaleko tekniko eta zinegotziekin, tailer berezia antolatuko dute. Elorriorengan eragingo duten Udalaz gaindiko gaiak aztertu eta horren gaineko hausnarketa orokorra egingo dute bertan.